Munduko Txapelketan parte hartzeko arazoekin zabiltzatela entzun dugu. Egia da?
Zorte txarragaz hasi gara aurten. Lehenik, niri uztailean ebakuntza egin zidaten, apendizekoa. Denboraz errekuperatu naiz, baina, kasualitatez, urrian, Mikel Lasueni ere apendizeko ebakuntza egin diote. Bera atzelaria da, garrantzitsua. Orain, Asier Iturriagak istripua eduki berri du, eta ez dakigu zenbat denbora beharko duen indarberritzeko. Bestalde, beste bat Kataluniara joan zen, han geratzeko asmoagaz, eta, guztia batuta, jendez justu gabiltza. Normalean, hamabi bat egoten gara taldean, eta hortik hiruk huts eginez gero, igarri egiten da. Hurrengo egunetan berba egiteko geratu gara, zelan gauden eta Munduko Txapelketara joateko prest zenbat gauden ikusteko.
Ez da segurua, beraz, parte hartzea?
Larri gabiltza. Gura dugu, baina justu gaude. Bagabiltza prestatzen, baina bidaiak-eta denboraz hartu behar dira. Justu ibilita, gero, bateren bat joan ezin bada, zer egingo dugu? Guztia ordaindu ostean ez gara joango?
Marka da, bada, mundu mailan onenen artean dagoen Abadiñori hori gertatzea...
Orain arte gertatu bakoa gertatu zaigu. Zortea eduki izan dugu beti, urte guztietan ez direlako gauzak horrela joaten. Aurten, pilatu egin zaizkigu lesioak, istripuak... Abadiñoko taldea 1991n sortu zen, eta hainbeste urtean ez dugu arazorik eduki. Egia esanda, lehenago, jende gehiago eduki dugu taldean, hamalau edo hamabostegaz ibili izan gara. Orain, falta direnetatik bi edo hiru sasoiz bueltatzeko esperantza daukagu. Joango garela esango nuke, baina ez dago seguru.
Taldeko kirola da sokatira, eta berriren bat agertuz gero ere, denbora beharko du...
Gaitasun bereziko mutil bat da, edo bestela urte batzuk beharko ditu taldera egiteko. Gazte batzuk badatoz, eta gu justu egotera, aurten uste baino gehiago tiratu beharko dute, akaso. Horrela bada, zailduko dira. Baina, tamaina handiko tiralariak ere behar ditugu taldean, altuak, eta pisua dutenak.
Munduko Txapelketara joateko gogoa behintzat baduzue, ezta?
Bai, gogoa bai. Niri behintzat, hemendik aurrera ez zait aukera askorik geldituko eta! [barrez].
Zu noiztik zabiltza tiratzen?
Abadiñon, hasieratik. Baina, aurretik ere ibili nintzen, 1980an izango zen lehenengoz. Jaietan-eta tiratzen genuen, eta Euskadiko Txapelketan Atxondokoekin batera ibiltzen ginen, nahasturik.
Goma eta lur gainekoak kontuan hartuta, txapel eta garaikur ugari edukiko duzu etxean, ala?
Armairu batean ditut txapelak, eta elkarren gainean ipinita, horrelako altuera hartzen dute [gerri inguruan ipini du eskua]. Abadiñok Euskadiko txapela 48 bat bider irabazi du, eta horietatik mordo bat egongo dira nire etxean, 40 bat bai. Baina nik baino gehiago dituztenak ere egongo dira.
Esperientzia handikoa zarenez, kontaiguzu, zer behar da sokatiran ondo ibiltzeko?
Sokan, egoten ikastea da zaila. Indarra egin, eta lar estutu edo nekatu barik egoten ikasi behar da. Berri bat datorrenean, ez dio orekari eusten, eta urduri jartzen da. Zenbat eta estuago egon, orduan eta gutxiago eutsiko diozu sokan, arnasa gehiago behar duzulako. Tiraldi batean, lehenengo, aurkariaren kolpeari eutsi behar diozu, eta gero, ahal bada, eroso egon.
Hainbeste urtean sokatiran ibilita, anekdota ugari edukiko duzu...
Munduko Txapelketan anekdota oso on bat daukat. Finalerdia zen, eta 55 minutuko tiraldia egin genuen, alde batera! Eta bestaldera, beste hamar minututik gora izan ziren. Galdu egin genuen. Oso arraroa izan zen. 22. minutuan gindoazela, eurek falta bi zeuzkaten, eta guk bat ere ez. Hirugarren faltagaz kalera zoaz. Epaile amerikar bat zen, eta aurkariak lurretik ibili arren ere, luzatu eta luzatu egin zuen tiraldia. Azkenean, gu nahastu ginen. Finalerako sailkatu ziren; baina, gure aurka tiratu, eta euretako bat anbulantzian eraman zuten segituan, eta finalera ailegatu orduko beste bat ere gaizki ipini zen. Azkenean, ez zuten tiratu.
55 minutuko tiraldia ez da sarri jazoko, ezta?
Sekula ere ez da horrelako tiraldirik egin, ez Munduko Txapelketetan ez inon. Errekor moduan dago; hurrengoa, hamabost bat minutura egongo da.