Asier Aspuruk promesen Tornosolo Kopa irabazi du

Anboto 2015ko aza. 17a, 09:33

Barikutik  aurrera elite mailako txapelketan parte hartuko du.

Asier Aspuru abadiñarrak bere helburua bete du. Lehiaketa hasi zenean promesa mailako Tornosolo Kopa irabaztea jarri zuen helburutzat eta lortu du. Ostiral iluntzean soineratu zuen txapela bere kide Aitor Arabiourrutia menderatuta (30-22).

Finala dotorea eta lehiatua izan zen, emaitzak adierazten duena baino gehiago. Arabiourrutia aurretik joan zen lehen erdian eta estu hartu zuen faboritoa. Arabiourrutiak Aspururen indarrari eutsi eta sarean tantu dotoreak lortuaz beti mantendu zuen aurrea markagailuan. Horrek, abadiñar atzelaria deseroso jartzen zuen eta asko kostatu zitzaion txapelarako bidea egitea. Dena den, 20-20 berdindu zuen lehia Aspuruk eta hortxe bukatu zitzaion gainera gasolina Arabiori. Azken hamarkada erosoagoa izan zen txapeldunarentzat, piloteoan nagusitu egin zen eta tantuak ondo bukatu zituen. 

Promesen mailako kopa irabazteak elite mailako Tornosolo Koparako sailkapena eman dio abadiñarrari. Atsedenik gabe, datorren ostiralean Thierry Harismendi izango du aurkari. Beste dimentsio bateko partidua izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!