Ikusgai dago Zelaieta auzoaren hiri-berrantolaketarako proiektua

Anboto 2015ko aza. 16a, 12:30

Azaroaren 9an ipini zuen Abadiñoko Udalak Zelaieta auzoaren berrantolaketa urbanistikorako proiektua herritarrentzat ikusgai —udaletxean, Txanporta kultur etxean, Udal Mediatekan, eta jubilatuen egoitzan dago ikusgai. Legeak markatzen duen hilabeteko epea zabaldu du udalak, bestalde, herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izateko. Gobernu taldeak jakitera eman duenez, hiru bide baliatu ahalko dituzte herritarrek euren ekarpenak egiteko: udalaren webgunean bitartez egin ahalko dituzte, baita whatsapp bidez, zein Udaleko bulego teknikora joanda ere.

Txanporta plaza eta ingurua oinezkotzea jasotzen du, esate baterako, gobernu taldeak publikatu duen proiektu horrek. Zamalanetako ibilgailuak bakarrik sartu ahalko dira plazara, ordutegi mugatu batean. Bestalde, autoak hiru lekutik sartu ahalko dira Zelaieta auzora, proiektuaren arabera: Iturritxo kaletik, Kalbario ingurutik eta Muntsaratzetik. Auzora Gaztañoditik sartzeko aukera kenduko lukete, beraz.

Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu du Udalaren proposamenaren oinarrian joan zen legegintzaldian egin zen herritarren parte-hartze prozesua dagoela. Gobernu taldeak zabalduriko prentsa oharrean azaltzen denez, "herritarren proposamenak aztertu ondoren, Udalak hiri-antolaketa proiektu hau prestatu du, Zelaietan autorik bako leku gehiago ahalbidetuko dituena". Berrantolaketarako neurri hauek ez duela inbertsio handirik eskatuko ere azpimarratu du gobernu taldeak.

EH Bilduren desadostasuna
EH Bilduk hala eskatuta, Zelaietako berrantolaketarako parte-hartze prozesua duela bi urte hasi zela ekarri du ezker abertzaleko koalizioak gogora, eta herritarrek eta teknikariek hainbat saio egin zituztela auzoko hirigintzaren inguruan gogoeta egiteko. Horren ondoren egin beharrekoa zen parte-hartze prozesuko bigarren fasea ez dela burutu azpimarratu du EH Bilduk prentsa ohar batean. Proiektuaren zehaztasunak ez direla auzotarrekin landu kritikatu du Bilduk: "Udalak hainbat erabaki aldebakartasunetik hartu ditu, eta herritarrek protesta egin ahala proposamenak aldatuz joan da", diote.

Gobernu taldeak osaturiko proiektuak auzoaren etorkizunerako inportanteak diren hainbat alor ez dituela kontuan hartzen uste du Abadiñoko EH Bilduk. Ez dagoela planik, esaterako, irisgarritasunari, segurtasunari, bizikletentzako bideei, edota aparkalekuen distribuzioari dagokionez.

Parte-hartzea eskatzeko sinadura bilketa
"Teknikariek proposamen desberdinak egitea eta auzotarrek horien artean aukeratzea" dela proiektua osatzeko jarraitu behar litzatekeen bidea, dio EH Bilduk. Eta udalean ere horrela adierazi izan duela. Gobernu taldeak proposamen horri ezezkoa eman diola ikusirik, datozen asteetan sinadura bilketa abiatuko dutela iragarri du Abadiñoko EH Bilduk.

Zelaietako hirigintza berrantolaketa "ondo landutako parte-hartze prozesu batekin garatu" behar litzatekeela uste du EH Bilduk. Herritarrek egokiena iruditzen zaien auzo eredua bozkatzeko aukera izan beharko luketela. Hain zuzen, horixe eskatzeko herritarren babesa jasotzeko, sinadura bilketa hasiko dute. Azaroaren 20an, 19:00etatik aurrera, egingo dute sinadurak biltzeko lehenengo saioa, Txanporta plazan. Aurreratu dutenez, datozen asteetan jakinaraziko dute EH Bilduren proposamena babestu gura dutenek zer beste egun eta lekutan izango duten sinatzeko aukeran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!