Abadiñarrak finalera, Tornosoloko promesen kopan

Anboto 2015ko aza. 9a, 13:06

Aitor Arabiourrutiak Liher Gandiagaren aurka ezustekoa emanda (23-30) eta Asier Aspuruk Iker Gordonen kontrakoan latz sufrituta (30-26) lortu dituzte txartelak.

Elite mailako Tornosolo Kopa hasi aurretik, promesen mailakoa jokatzen ari dira eta hainbat kanporaketen ostean abadiñar bik jokatuko dute finala: Asier Aspuruk eta Aitor Arabiourrutiak.

Barikuan jokatu zituzten finalerdiak. Lehenengoan Gandiaga zen faborito, baina GRAVNI-eko azken txapeldunak ez zuen Arabio menderatzeko gaitasunik eduki. Agerian geratu zen Lekeitioko aurrelaria bere forma onenetik urrun dagoela eta Abadiñoko pilotari bizkorrak oso ondo aprobetxatu zuen egoera hori. Kolpez ezin eta Gandiagak jokoa aurreko koadroetara eramatea erabaki zuen eta eremu horretan maisua da abadiñarra.

Bigarren finalerdia faborito bakoa zen. Bete-beteko partiduan Aspuruk 30-26 irabazi zion Gordoni. Alde nabarmena izan zuen abadiñarrak (26-12) baina orduan Gordon sopeloztarrak bere lehiakortasun izaera atera zuen eta asko estutu zuen etxeko pilotaria. Azkenean, sustoa handia izan bazen ere, Aspuruk lortu zuen garaipena eta bere kide Arabiourrutia izango du arerio finalean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!