Murgoitiok duela urte bi utzi zuen txirrindularitza profesionala, eroriko baten ostean. Bueltatzen saiatu zen, baina motibazio falta zeukala adierazi eta bizikleta eskegi zuen. Zapatu honetan etxean egingo du berriro debuta, eta Joseba Gorostiza antolatzaileak esandakoaren arabera, podiumera lehian sartu liteke. "10 kilo argaldu da, eta oso ondo dabilela diote beragaz entrenatzen dutenek". Abadiño Muntsaratz Txirrindulari Klubeko idazkariak eta Eneko Etxebarria zinegotziak eman dute proba iragartzeko prentsaurrekoa.
Bestalde, denboraldi honetan lehen aldiz ikusi ahalko dira lehian Hernandez eta Larrinaga, iaz Espainiako Kopako lehen postu bietan sailkatu zirenak. Gorostizaren arabera, horrelako aukera oso gutxi egongo dira aurten Euskal Herrian, txirrindulari biek batez ere nazioarteko egutegiko probak hautatu dituztelako. Maila guztiak kontuan hartuta ere "luxuzko kartela" dagoela esan du Gorostizak.
Zirkuituak ere nobedadeak dakartza. Hareatza bat sortu dute, eta azken itzulian txirrindulari batzuk batera ailegatzen badira, puntu hori erabakiorra izan daiteke. Gorostizak dioenez, teknikoki ondoen moldatzen denak jantziko du txapela.
Etxebarriak probaren maila goraipatu du: "Abadiñorentzat zorte handia da hain maila altuko proba bat edukitzea". Horregatik, klubeko kideen lana eskertu du. Gorostizak eskerrak bueltatu dizkio, eta azaldu du proba urterik urte hazten joatea dela euren asmoa, udalaren babesa dutelako eta klubean talde sendoa dagoelako. Izan ere, 50 bat lagunek jardungo dute lanean proba aurrera ateratzeko.
