Oraindik 30 urte dituen arren, ilusio eta motibazio barik aritu baino, ziklo-krosa uztea gurago izan du Egoitz Murgoitiok; lesionatu aurretik Munduko Kopan lortutako emaitza bikainak ez dira nahikoa izan abadiñarrarengan sasoi bateko gogoa pizteko
Zein izan da ziklo-krosa uzteko arrazoi nagusia?
Ziklo-krosa nire ogibidea izan da, baina ilusioa eta motibazioa beti gainezka izan ditut. Aurtengo denboraldirako ere beti lez entrenatu dut eta zaindu naiz, baina igartzen nuen buruak ez zuela beste urte batzuetan bezala funtzionatzen. Lasterketei aurre egiterako orduan ere ez dut betiko irrika hori igarri.
Fisikoki ondo zaude?
Bai, fisikoki ondo nago, arrazoia ez da hori. Gehiago da entrenamenduei edo lasterketei aurre egitea obligazio lez ikusten nuela. Inork ezarri bako obligazioa, nik neure kontura hartutakoa. Ilusio falta da arrazoia. Esaterako, Munduko Kopako lasterketek beti motibazio berezia sortu izan didate, ahalik eta gorenen amaitzeko gogo bizi hori izan dut, baina aurten ez dut horrelako sentsaziorik izan gorputzean.
Azaroan Belgikan (Koksijde herrian) Munduko Kopako lasterketa batean erori eta saihetsetan min hartu zenuen. Harrezkero ez duzu lehiatu. Lesioak zenbaterainoko eragina izan du azken erabakian?
Berriro lehiara bueltatzeko sendatze epeak azkartzen saiatu nintzen, baina uste dut saiakera horrek epeak laburtu beharrean luzatu egin dituela. Dena dela, gauza askogaz joan da apurka betetzen edalontzia, eta lesioarena izan da uzteko erabakia hartzera eraman nauen azken bultzadatxoa, besterik ez.
Erorikoaren aurretik Munduko Kopan sekula baino hobeto aritu zara: Herbehereetan hamalaugarren eta Txekiar Errepublikan hamabigarren. Emaitza horiek motibagarriak ziren.
Postu onak izan ziren eta sailkapen orokorrean hamargarren kokatzea ere inportantea izan zen. Hemengo txirrindulari bat sekula ez da horrelako postuetan egon. Emaitzak onak izan dira eta hori garrantzitsua da, baina beste urte batzuetan emaitza txarragoekin gusturago sentitu naiz. Emaitza onek ez naute asebete behar nuen horretan. Eta pentsatu dut kontraste hori seinale inportantea dela ulertzeko, beharbada, bazela sasoia txirrindularitza utzi eta bizitzako beste kontu batzuetan hasteko.
Irudipena da 30 urtegaz oraindik behetik gorantz zihoan txirrindularia zinela.
Errepideagaz alderatuta, ziklo-krosak, normalean, ibilbide luzeagoa egiteko modua eskaintzen du. Adinez oraindik urte batzuk nituen aurretik; baita babesleen aldetik ere. Zaleek beti animo asko eman dizkidate eta babesleei dagokienez, Hirumet eta Orbearen babesa nuen. Baina horretaz gainera, norberak ere ondo sentitu behar du egiten dabilen horregaz.
Inguruko jendea saiatu da jarraitu zenezan konbentzitzen?
Bai; lagunak, lasterketa gehienetara nigaz etorri direnak zein babesleak saiatu izan dira ni konbentzitzen. Lesioaren ondorioz sortu zen momentu bateko beroaldia izango nuela pentsatzen zutela uste dut. Baina ez zen horrela izan.
Hirumeteko arduradunei noiz eman zenien erabakiaren berri?
Etxekoekien berba egin ostean, lehenengo, taldeko buru Jon Zengotitabengoari eta Hirumeteko buru Ramon Madariagari komentatu nien orain hilabete batzuk. Lesioa sendatzeko prozesuan lehenengo epeak bete zirenean esan nien ez zela behin betiko erabakia, baina bai hausnartutako kontua zela, eta gertatu zitekeela. Eta bien partetik jaso dut ulermena eta babesa.
Zer esango zenieke hainbeste urtean jarraitu zaituzten zaleei?
Lasai egoteko. Ez dut kontu honekin dramarik eragin gura. Erabaki hau hartzera ez nau inork behartu. Gaur egun bizi dugun egoeran txirrindulari asko behartuta egon da euren gogoz kontra txirrindularitza uztera. Nik ez dut horrelako arazorik izan. Erabakia neurea izan da, lehiaketak berekin dakartzan alderdi batzuekin ez nengoelako gustura utzi dut. Pozik nago hartu dudan erabakiarekin eta nire bizitzan positiboa izango dela uste dut.
Zure ibilbidean hamaika txapelketa irabazi dituzu, baina Munduko Kopan hamar onenen artean behin ere sailkatu ez izana arantza txiki bat da?
Ez. Ziklo-krosean nazioarteko lasterketetan gaitza da aurrean amaitzea. 2011n Igorren hamaikagarren sailkatu nintzen, eta, aurten ere, hamalaugarren eta hamabigarren sailkatu naiz. Eslovakian nazioarte mailako lasterketa bat irabazi dut. Lortutako emaitzekin pozik nago, beti geratzen da bete ez den ametsen bat, baina nire ibilbideagaz oso gustura nago.
Eta hemendik aurrera, zer egiteko asmoa duzu?
Ez dut ezer planifikatuta. Dakidana da, behintzat, hasiera honetan lan moduan ez dudala bizikletagaz zerikusia duen ezer planteatzen. Nigaz entrenatzen ibili den norbaiti ezertan lagundu ahal badiot edo gazteren batek nire laguntza extraofizialik behar badu, nik ez dut inolako arazorik laguntza hori emateko. Baina bizikleta erdigune duen lanik ez dut nahi. Hortik kanpoko zerbait nahi dut orain, bizimodu normal bat, bizimodu lasaiagoa.
Bizikleta afiziora mugatuko duzu, orduan.
Hori da, bizikletan ibiliko naiz, mendiko bizikleta martxak egingo ditut, orain arte errepidean nigaz entrenatzera irten izan direnekin irteten jarraituko dut, baina txirrindularitza beste modu batera gozatuko dut.
Zuk txirrindularitza utzi duzu eta Jonathan Lastra Caja Rural taldera doa. Zer gertatuko da Hirumet taldeagaz?
Ez dut uste oraindik horri buruz berba egiteko sasoia denik. Jonathan Lastra taldean ari da oraindik, asteburuan Munduko Txapelketa lehiatuko du eta horrelako kontuek arreta galarazi diezaiokete. Dena dela, nire ustez, Lastrak erabaki zuzena hartu du Caja Ruralera joanda. Errepidea probatzeko oraintxe du adin aproposa (21 urte). Ziklo-krosa gero ere hor izango du. Errepidean urte bian aritu eta ondoren ziklo-krosera itzultzen bada ere, gaztea izango da.
Munduko Txapelketan zer aukera ikusten dizkiozu?
Zirkuituaren egoerak zeresan handia du. Lokaztuta badago, zirkuitu gogorra izango da, eta baldintza horiek ondo datozkio. Iazko hamaseigarren postua hobetzea emaitza oso ona litzateke Lastrarentzat.