Illart Zuazubiskarrek pistako Europako txapelketa lehiatu du Suitzan, Grenchen herriko belodromoan. Bere ibilbideko bigarren parte hartzea izan da Europako txapelketa batean. “Zapore gazi-gozoarekin” amaitu duela adierazi du sare sozialetan. Joan zen eguenean, taldeko jazarpenean, Zuazubiskar, Sebastien Mora, Eloy Teruel, Albert Torresek osatutako taldea txapelketatik kanpora geratu zen lehenengo txandan. Ondorioz, ez dute Joko Olinpikoetara sailkatzea lortu. Hori izan txapelketako une gazia Zuazubiskarrentzat.
Baina pozik egoteko arrazoiak ere baditu: bere ibilbidean lehenengoz Europako txapelketa bateko omniun proba lehiatzeko aukera izan du. Modalitate horretan Espainiako selekzioak ez zuen Joko Olinpokoetara sailkatzeko aukerarik eta Salvador Meliá hautatzaileak Zuazubiskarren dohaiak probatzea erabaki zuen. Egun bitan sei probatan aritu ostean 13. tokian amaitu zuen. Puntuazio proban azpimarratzeko moduko laugarren postua lortu zuen eta itzuli bi irabazi zituen gutxienetakoa izan zen. Salvador Meliá hautatzailea pozik dago abadiñarraren jardunagaz: “Puntuazio proba handia egin du, gogo askogaz ibili da. Bere lehenengo parte hartzea dela kontuan hartuta hamahirugarren postua ez dago bat ere txarto”.