Pedro Lanus argentinarragaz diharduzu azken aldian. Zelan sortu da elkarlan hori?
Urtebete inguru da elkartu ginela, eta bikote moduan aritu gara azkenaldian, ni kantuan eta bera gitarragaz. Pedro argentinarra da, Matienan denda bat zeukan, eta, egun batean, musikaren inguruan berbetan hasi ginen. Zerbait egiteko gogoa sortu zitzaigun, eta jotzeko elkartu ginen hurrengo.
Musika arloan gaztetatik ibilitakoa zara.
Bai, Psyc taldean jotzen nuen. Heavya, punka, eta hardcorea egiten genuen. Baina taberna daukat Matienan, eta denbora faltagatik utzi nuen musika. Denbora batez musikatik aparte ibili eta gero, orain lau urte inguru ekin nion berriro. Pedro ere punk taldeetan ibilitakoa da, jaioterrian, Argentinan. Gaur, Durangoko Misarbe tabernan joko duzue. Zelakoa izango da kontzertua?
Pedrok gitarra joko du, eta hiru-lau abestitan, gurekin jotzen hasi den Alex Garcia gaztea ere ariko da. Rantxerak, tangoak... Kanta ezagunak, betikoak eskainiko ditugu, betiere, geuk landutako bertsioan: Al alba, Gallo rojo gallo negro, La llorona, Maria la portuguesa, La bien pagá, edo Mikel Laboaren Goizuetan, esaterako. Pedro argentinarra da, eta, gitarra jotzerakoan, bestelako ukitua ematen die kantei. Maria la portuguesa, esaterako, tango moduan jotzen du berak, ez kopla moduan. Egiten dugunak flamenko ukitua daukala ere esan izan digute...
Jatorri andaluziarra duzu? Nondik datorkizu kantakeran ukitu flamenko hori?
Ez dakit nondik datorkidan... Ez dut sekula horrelako musika entzun izan, baina deskubritu dut, lantzen hasi, eta oso gustura nabil. Ez daukat sustrai flamenkorik inondik ere —ni hemen jaiotakoa naiz, ama Extremadurakoa da, eta aitaren gurasoak Salamancakoak—, baina ukitu horregaz ateratzen zait ahotsa kanta hauek abestean.
Zerk eroan zaituzte estilo berri hauetara?
Adinak ere bai, beharbada. Lehen ezagutzen ez nituen gauzetara hurbildu naiz, eta ohartu naiz, kantatzerakoan, sentimendu handiagoa sortzen didala. Mundu berri bat zabaldu zait. Aurkikuntza izan da; lehen ez nuen musika mota hau entzun ere egiten. Al albaren gure bertsioa, esaterako, ahapeka moduan hasten naiz kantatzen, eta egiten duzuna asko sentitzea eskatzen du horrek. Egiten duzun musika estiloa edozein delarik ere, ezinbestekoa da sentimendua, zentzua izan dezan.
Zelan joan da zabaltzen zuen errepertorioa?
Berez joan gara kanta zerrenda osatzen. Hiru orduko kontzertu baterako errepertorioa daukagu, gutxi gorabehera. Kantak bilatzen eta aukeratzen oso gustura ibiltzen gara, eta baita moldaketak egiten ere. Orain, adibidez, lo-kanta frantses bat prestatzen gabiltza. Sehaska kantak musika herrikoiaren adibide ederra direla uste dugu, eta gure errepertorioan horrelako gehiago sartzeko asmoa daukagu. Bestalde, momentuz, euskarazko kanta bakarra jotzen badugu ere, asmoa daukagu euskarazko kanten bertsio gehiago egiteko.
Zelakoa izaten da bertsioak sortzeko prozesu hori?
Batzuetan, berez ateratzen dira, eta, beste batzuetan, hilabeteak ematen ditugu lanean.
Baduzu errepertorioan kanta kuttunen bat?
Hernandez Ferlosio anarkista eta errepublikazalearen Gallo rojo gallo negro gustatzen zait gehien. Pedrorentzat, bestalde, Mercedes Sosaren Lunita tucumana da bereziena.
Zelako harrera egin dizuete jo duzuen lekuetan?
Oso pozik gaude jendearen harreragaz. Matienako Errota kultur etxekoa oso berezia izan zen, esaterako. Ehun lagun inguru etorri ziren entzutera. Espero genuen adin batetik gorako jende batek gustukoa izatea gure proposamena, baina gehiago harritu gaitu, batzuetan kanta batzuk ezagutu ere egin barik, gazteek zeinen ondo hartu gaituzten kontzertuetan.
Taldean instrumentu berriak sartzeko asmoa daukazue?
Bai, taldeean instrumentu tradizional batzuk sartzea nahi genuke, edo behintzat, beste musikari batzuk gonbidatzea kanta zehatz batzuk jotzera: trikitilari bat eta biolontxelista bat topatu gura dugu, esaterako.
Erraza egingo zaizue musikari horiekin kontaktua egitea? Musikari asko daukazu inguruan?
Bai, musikariak ditut lagun gehienak. Modu batera edo bestera, beti nabil giro horretan.
Zer asmo eta helburu duzue etorkizunerako?
Inguruko herrietako kultur etxeetan jo ahal izateko, eskaintza zabaltzen gabiltza, izan ere, zuzenean aritzea da gehien gustatzen zaiguna. Magikoa da jendaurrean kantok eskaintzea, eta jendea adi-adi entzuten sentitzea. La lloronagaz, esaterako, ikusten duzu jendea tentsioan dagoela, eragiten diozula.