Elkar Kirolak elkarteak Berango, Erandio eta Leioako txirrindulariak batzen ditu. Emakumezko talde berriarekin, kadete mailatik nagusietara arteko kate osoa izango dute: kadete, junior, 23 azpiko eta nagusien taldeak.
Iturriagak Humberto Gomezekin batera gidatuko du taldea. Iturriagak adierazi duenez, bera izan zen Elkar Kirolak elkarteari taldea sortzeko ideia proposatu ziona: “Txirrindulariei laguntzea da gure asmoa. Urte gogorra igaro dugu eta neskak oraindik egin gabe heltzen zirela ikusi dugu. Hezi egin behar direla eta erakutsi egin behar diegula ikusi genuen. Gai pertsonalengatik ez genuen jarraitzea pentsatzen, baina, azken orduan, Baque enpresako Mariaren bidez, Elkar Kirolak-ekin hartuemanetan jarri eta adostasun batera heldu ginen”.
Apurka-apurka joan nahi dute: “Behinena taldea sendotzea da. Hutsetik hasten gara eta ez dakigu noraino heldu gaitezkeen. Iraganean horrela egin dugu geunden talde denetan eta, orain arte, esperientzia arrakastatsuak izan dira. Hau ere horrela izango dela espero dugu”. Horrela, estreinako denboraldian estatu mailako lasterketak (Euskaldun Torneoa eta Espainiako Kopa) lehiatuko dituzte eta ez dira nazioartera irtengo: “Egongo da horretarako denbora maila ona hartzen badugu”.
Taldeak 17 txirrindulari izango ditu, baina oraindik ez dituzte izenak jakinarazi. Horietako batzuek Urduñako ziklo krosean egingo dute debuta.
Elkar Kirolak elkarteko manager orokorra den Javier Garciak azpimarratu duenez talde denek, gizonezko zein emakumezko, tratu berdina jasoko dute: “Elkarteak argi du kide denak berdinak direla. Ez dugu bereizketarik egingo eta denentzako berdintasunezko tratua izango da”.