Aurten Euskal Herriko txapelketa biak irabazi ditu Asier Aspuruk

Anboto 2015ko uzt. 14a, 17:27
Goian eskuman Asier Aspuru eta bere ondoan Iker Gordon. Argazkia: Euskal Pilota Federakuntza

Bere ibilbideko denboraldirik onena izan da Aspuru abadiñarrarentzat.

Asier Aspuruk (1991, Abadiño) txapela jantzita amaitu du bere ibilbideko denboraldirik onena. Joan zen barikuan, Abadiñoko Tornosolo trinketean jokatutako finalean, Iker Gordon eta biek Euskal Herriko eliteko trinket txapelketa irabazi zuten. Txapel horri beste batzuk gehitu behar zaizkio; denetan inportanteena Aitor Arabiourrutia herrikideagaz bikotea osatuz, martxoan frontoi luzean irabazi zuen Euskal Herrikoa da. Baina aurten San Trokaz txapelketa eta Zamudioko lau t’erdikoa ere irabazi ditu.

Euskal Herriko trinket txapelketa denboraldian zehar punturik gehien batu zituzten hamasei pilotariek (zortzina aurrelari eta atzelari) jokatu zuten. Finala izan zen txapelketako partidurik erosoena. Aspuruk (Atxarte pilota eskolagaz) eta Gordonek 40-15 menderatu zituzten Liher Gandiaga eta Arturo Arbizu: “Final gogorra espero genuen, Liher denboraldi itzela egiten dabilelako, baina ez zen horrela gertatu. Guk gure lana ondo egin genuen, baina aurkariek ez zuten euren eguna izan”, azaldu du Aspuruk.

Bere hurrengo erronka inportantea irailean hasiko den Bizkaiko txapelketa izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!