Abadiñoko kickboxing taldeak lau domina irabazi ditu Salamankan

Anboto 2015ko eka. 16a, 13:38

Julen Muñoz, Ander Ozaeta eta Alain Telloren artean brontzezko hiru domina eta zilarrezko bat irabazi zituzten Salamankako kickboxing openean.

Abadiñoko Fexmack taldeak zazpi parte hartzaile eraman zituen Salamankako openera eta horietako hiruk dominak irabazi zituzten nork bere pisuan. Julen Muñozek eta Ander Ozaetak brontzezko domina bana irabazi zuten light contact eta kick contact modalitateetan, hurrenez hurren.

Alain Tello domina birekin itzuli zen. Light contact-en zilarra jantzi zuen eta kick light modalitatean brontzea.

David Hernández dominarik gabe geratu zen beteranoetan, nahiz eta horretarako merituak egin zituen. Gaztela Leongo aurkariaren kontrako lehian bost puntugatik irabazten zihoan, baina borroka amaitzeko 20 segundoren faltan utzi egin behar izan zuen lesio baten ondorioz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!