Hasieran, erritmoa hartzea kostatu egin zitzaien. Lasterketa erdian pilotu aldaketa egin beharra zeukaten, eta bietako inor ez zegoen horretara ohituta. Hori dela-eta, denbora galdu zuten. Hala ere, lasterketaren bigarren zatian denbora hobetzea lortu, eta bere kategoriako lehenengo postuan amaitzea lortu zuen bikoteak, sailkapen orokorrean hirugarren postua eskuratuta. Izan ere, hiru kategoriak osatzen dute lasterketa orokorra: D4, D5 eta D6 kategoriek. Urien eta Bajo D5 mailan daude. Alde batetik, scratch sailkapena dago, hiru mailetako bikote guztiak batzen dituena; baina, bestetik, kategoria bakoitzak bere sailkapena dauka.
Urien oso gustura agertu da garaipenagaz. “Indartsu sentitu gara, hasieratik aurrean, eta gauzak ondo egiten. Pozik nago, bai kotxeagaz, bai bikoteagaz”.
Iaz F3 kategorian ibili zen, baina, finantziazio arazoak zirela-eta, aldatzea erabaki zuen. Aldaketa nabaria izan dela onartu du, baina gustura dabilela. Gainera, ekonomikoki ere bideragarriagoa dela aitortu du. “Askoz hobe da gastua partekatzea. Lehen adina disfrutatzen dut, baina erdia ordainduta”.
Hurrengo lasterketa maiatzaren 31n izango da, Jaramako (Espainia) zirkuituan.