Normalean, sorpresa izaten da nor izendatuko duten urteko pertsonaia. Zure kasuan zergatik ez?
Andreagaz jubilatuen egoitzara joan nintzen, eta, soinean neraman txaketaren inguruan zer edo zer esan zidatenean, alkateordeak esan zigun hori baino gehiago merezi zuela urteko pertsonaiak. Irten egin zitzaion. Hala ere, ezer jakingo ez banu bezala jokatu nuen.
Omenaldiaren momentuan urduritasunik ez zenuen sentituko, orduan.
Dardaraka nengoen, eta berbak ere ez zitzaizkidan irteten. “Eskerrik asko” besterik ez zitzaidan irten. Jendeak merezi nuela esan zidan. Hala ere, ez dut omenaldirik eskatzen. Egiten dudana herriaren alde egiten dut, tradizioa ez dadin galdu.
Herri kiroletan epaile zabiltza. Aurten ere parte hartuko duzu?
Hiru edo lau urte daramatzat lan horretan, baina aurten ezingo naiz bertan egon, ezkontza bat dudalako herri kirolak izango diren egunean.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Txikitatik datorkit. Sanblasetako idi probetan ere banabil probaleku berria egin zenetik, 15 urte nituenetik.
Ez duzu sekula hutsik egin?
1975ean huts egin nuen, soldaduskara joan nintzelako eta ez zidatelako etortzeko baimenik eman. Larrauri alkateak ere deitu zien, baimena emateko eskatuz, baina ez zuen lortu.
Idi proben inguruan istorio asko ezagutuko dituzu.
Jakina. Nire aita bekorotza batzen ibiltzen zen idi probetan, eta gauez zaintzak egiten zituen, inork ez zezan tranparik egin; ez zezaten xaboia-edo bota. Behin elurra egin zuen, eta gero izotza. Kendu zuten, baina guztiz ez. Idiek ospa egin zuten harri eta guzti. Eskola ondoko aldapan gelditu ziren, harriak atzerantz bota zituelako. 10 urteko mutikoa nintzen, eta atzean joan nintzen. “Aita, gaur neuk ere egingo nion harriari bultza”, esan nion aitari. Emazteak esaten dit horrelako gauzak koaderno batean apuntatu behar ditudala.
Umeen Gabonetako parkean ere ibiltzen zara laguntzen.
Bai, umeak asko gustatzen zaizkit. Aisialdiko eta kiroletako monitore titulua atera nuen.
Olentzeroren lagun handia zara, gainera.
Bai, hamar urte baino gehiago daramatzat Olentzerori laguntzen.
Abadiñoko futbol taldean noiztik zabiltza?
36 urte baino gehiago daramatzat zuzendaritzan sartuta. Urte batean desagertzeko arriskuan zegoen; kuadrilla batek hartu genuen taldea, eta aurrera egin zuen.
Masajista ere ibilia zara.
Bai, Athleticek emandako ikastaro batean titulua atera nuen, Bilbon.Orain ez dut indarrik eskuetan, eta ez dut masajerik ematen.
Futbol taldean egoteak zer ematen dizu?
Umeak futbolean ikustean emozionatu egiten naiz.
Futbol taldearen albumean agertzen zara.
Bai, eta Astolan, albumaren aurkezpena egin genuenean, mutiko batzuk ni agertzen naizen kromoari begira eta niri begira jarri ziren. “Zer nahi duzue?”, galdetu nien. “Sinatuko diguzu?”, galdetu zidaten eurek. Itzela izan zen.
Txirrindularitza ere oso gogoko duzu. Arlo horretan ere ibili zara?
Kirol zuzendari agiria daukat. Kelmegaz profesionaletan ibilitakoa naiz, gainera. Iturriagak taldea zuenean Euskal Herri osoa ezagutu nuen. Euskadiko Itzulian ere egoten naiz laguntzen. Hainbat lasterketatan bidegurutzeetan jarri izan naiz.