Jeltzaleen babesagaz onartu dute 2015erako udal aurrekontua

Anboto 2015ko api. 7a, 12:00

Igogailua ipiniko dute udaletxean, eta teilatua ere konponduko dute.

Martxoaren 31ko osoko bilkuran onartu zuten Abadiñoko Udaleko 2015 urterako aurrekontua. Abadiñoko Independienteak taldeak eta EAJk adosturiko aurrekontu proposamena horren kontra bozkatu zuen Bilduk. Guztira, ia bederatzi milioi eta erdi eurokoa da aurtengo aurrekontua (iazkoa zortzi milioi eta erdikoa izan zen).

Gobernu taldeak azpimarratu du, 1.022.000 euro bideratuko dituztela aurten inbertsioetara, eta honakoak nabarmendu ditu: udalaren jabetzakoa den abade-etxea berriztatuko dute (291.000 euroko inbertsioagaz), eta bertara eramango dituzte udalaren hainbat zerbitzu. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, "udaletxea txiki geratu da, eta alboan, urrats bitara daukagun eraikinera eramango ditugu udaleko atal batzuk".

Udaletxean hainbat hobekuntza lan egiteko diru-atalak ere jasotzen ditu joan zen astean onarturiko aurrekontuak: igogailua ipintzeko, 73.400 euroko inbertsioa egingo dute; eta teilatua konpontzeko, 86.500 eurokoa.

Bestalde, Gaztelua auzoko saneamendua hobetzeko lanak egiteko, 180.000 euro gorde ditu Abadiñoko Udalak 2015eko udal aurrekontuan. Azkenik, etorkizunean "zeregin sozialetarako erabili ahal izango den" 9.000 metro koadroko lur-arlo bat erosteko, 291.000 euro inbertituko ditu Abadiñoko Udalak aurten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!