Gobernuaren aurrekontu proposamena babesteko jeltzaleen baldintza: Gazteluko saneamendu sarea hobetzea

Anboto 2015ko mar. 12a, 13:31

Iñaki Rekalde, Eneko Etxebarria, Mikel Garaizabal eta Edurne Agirre.

Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuaren 2015erako udal aurrekontu proposamena babesteko EAJ alderdiak mahai gainean ipinitako baldintzak azaltzeko, agerraldia egin dute gaur, Abadiñoko Batzokian.

Eneko Etxebarria zinegotziak azaldu duenez, azken asteotan gobernu taldeagaz negoziatzen jardun dira, eta dena ondo bidean, hurrengo udalbatzarrean eztabaidatuko dute 2015eko udal aurrekontu proposamena.

Abadiñoko Independienteak taldeko gobernuaren aurrekontu proposamena babesteko, Gaztelua auzoko saneamendu sarean lanak egitea ipini duela baldintza bezala, esan du Etxebarriak. Auzo horretako dozena bat baserriri zerbitzua emango dien putzu septikoa eraikitzeko 180.000 euroko inbertsioa jasoko du, jeltzaleen berbetan, 2015eko udal aurrekontuak. Gaurko agerraldian azpimarratu dutenez, jeltzaleentzat lehentasunezkoa da, gutxinaka auzoetako saneamendu sarea hobetzen joatea.

Independienteekin adosturiko aurrekontu proposamenak inbertsiotarako milioi bat euroko diru-partida jasotzen duela esan du EAJk. Aipaturiko saneamenduko lanez gainera, bestelako hainbat proiekturen berri ere eman du Etxebarriak: udaletxean irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat ipintzea (73.000 euro), udaletxeko teilatua konpontzea (86.000 euro), eta udaleko bulego teknikoa bertara eraman ahal izateko abadetxea konpontzea (291.000 eurokoa) ere jasotzen du aurrekontu proposamenak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!