Groseko eta Sestaoko errege-erreginen artean, peoi lan txukuna egiten dabil Abadiño

Anboto 2015ko ots. 14a, 09:00

Abadiño B taldeko Ibon Martin. Asteburu honetan derbia jokatuko dute Abadiñoko taldeak eta Elorrioko Zaldi Baltzak.

Euskadiko eta Bizkaiko kluben arteko xake ligak erdibidera heldu dira. Durangaldeko lau taldeen artean Abadiño dabil ondoen. Zornotza, Elorrioko Zaldi Baltza eta Durangoko Larrasoloeta espero zen mailatik behera dabiltza.


Abadiño da eskualdeko ordezkari nagusia. Talde nagusiak Euskal Ligako Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen iaz. Maila horretan Euskadiko talderik onenak dabiltza, eta Gros eta Sestao dira izar nagusiak. Talde bi horien artean, Espainiako Txapelketako azken lau aldietako hiru irabazi dituzte. Baliabide gehien duten taldeak dira. Horregatik eta talde igo berria delako, mailari eustea da Abadiñoren helburu bakarra. Bide horretan lan ona egiten dabiltza Ieray Galtzagorri, Alain Prieto, eta Rodrigo eta Diego Sarralde anaiak. Sailkapenaren erdian daude, eta joan zen asteburuan 1,5 puntu batu zituzten Sestaori egindako bisitan. Oso emaitza duina da. Mailari eusteko bide onean dabiltza, egindako inurri lanari esker.

Maila bat beherago, Euskadiko Lehen Mailan, sailkapenaren erdian dago Zornotzako xake elkarteko talde nagusia. Iaz igoeratik puntu erdira geratu zen. Aurten ere borroka horretan bete-betean sartuta egotea zuen helburu, baina momentuz “esperotako mailatik apur bat behera” dabil, Seferino Sierra Txefe xakelariaren esanetan. Teorian errazenak ziren aurkarien kontra huts egin du taldeak; sailkapeneko azken tokietan dauden Anaitasuna eta Fomento Cultural taldeen kontra jokoan izandako zortzi puntuetatik hiru bakarrik batu zituen. Hala ere, talderik indartsuenen aurka maila ona erakutsi du; esaterako, bina berdindu zuen Santurtzi liderraren aurka.    

Zaldi Baltza, larri
Durangaldeko gainerako talde biak ere larri dabiltza. Zaldi Baltza Bizkaiko Maila Goreneko azken-aurreko tokian dago. Iaz hirugarren tokian amaitu zuten lau xakelariak “espero baino txarrago” dabiltza, Aitor Arabiotorre talde titularreko kideak onartu duenez. Bereziki mingarria egin zitzaien orain asteburu bi Gallartaren kontrako porrota; arerio zuzenaren kontra 3,5-0,5 galdu zuten. Sailkapeneko behealdean lau talde puntu gutxiren barruan daude, eta gaitz erdi. Hala ere, bigarren itzulian hobeto ibili beharko dute mailari eusteko. Zapatuan derbia dute Abadiño B-ren aurka.  

Azkenik, Larrasoloeta ere estu dabil Bizkaiko Lehen Mailan. Azkenengo tokian dago. Zapatuan Balmaseda laugarren sailkatuak bisitatuko du Durango. Etsai indartsua izanagatik, puntuak batzea derrigorra dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!