Aitor Urien, gaztagilea: "Geroz eta etorkizun hobea ikusten diot baserri munduari"

Anboto 2015ko ots. 15a, 10:00

Aitor Urien gaztagile abadiñarra (1992) Sagasta auzoko baserri batean bizi da, eta bertan egiten ditu gaztak. Gazte-gaztetatik ezagutu izan ditu baserria eta bertako animaliak eta tresnak.


Txikitatik dakizu zer den baserrian bizitzea. Zure osaba eta aita artzain-txakur txapelketetan ibiliak dira, eta zuk bide beretik jarraitu zenuen.
Bai, nik neuk ere bide beretik jarraitzea erabaki nuen. Txiki-txikitatik bizi izan gara baserrian, animaliaz inguraturik. Beti izan ditugu hainbat txakur, eta, horren harira, 11 urtegaz hasi nintzen ni ere artzain-txakur txapelketetan. 11 urtegaz hasi nintzen, eta oraindik ere banabil. Ekainetik urrira izaten da artzain-txakur txapelketen denboraldia, eta hor ibiltzen gara.

Gaur egun, Urien izenez ezagutzen den Idiazabalgo gazta egiten duzu. Zer baldintza bete behar dituzu Idiazabal jatorri izendapena lortzeko?
Idiazabal gazta izateko, jatorri izendapenak zehazten duen produkzio berezi bati jarraitu behar diozu. Gradu jakin batzuetara prestatu, denbora jakin bat igaro behar du kamaran hozten, eta, garrantzitsuena dena, bertako ardien esneagaz egindako gazta izan behar du, ardi latxaren esnetik egindako gazta. Kanpoko ardi bategaz eginez gero, ez dute Idiazabalgotzat hartzen.
 
Noiz hasi zinen gaztak egiten eta saltzen?
Aurtengo denboraldia hirugarrena da.

Nola hasi zinen gaztagintzan? Zelan bururatu zitzaizun?
Arantzazuko artzain eskolara ikasketak egitera joan nintzen, eta bertan ikasi nuen gaztak egiten. Praktika batzuk egin ondoren, asko gustatu zitzaidan gaztak egitea. Ardiak lehen ere bagenituen etxean, baina artzain eskolan egon eta gero, etxean gazta fabrika bat zabaltzea erabaki nuen. Eta hemen gaude gaztak egin eta saltzen.

Artzain eskolan ikasi izana izan zen gazta fabrika sortzeko arrazoia?
Bai eta ez. Etxean, ardiekin lanean jarraitu nahi nuen. Hasieran, esnea zentral handi batera saltzea bururatu zitzaidan, baina, gaur egun ekonomia dagoen moduan egonda, zentralek ez dute ondo ordaintzen ardi-esnea, eta, ardiekin lanean jarraitu nahi nuenez, gaztak egitera animatu nintzen.

Otsailaren 3an, San Blas eguneko azokan, postua jarri zenuen. Zelan joan zen eguna?
Egia esan, nahiko ondo joan zen eguna. Beste urte batzuetan jende gehiago egon da, baina, hala eta guztiz ere, nahiko ondo joan zen.

Asko saldu zenuen?
Bai, hogei kilo inguru eraman nituen, ez nuelako besterik. Enkargu asko ditut, hau da, urte osoan gaztak eraman behar ditudan dendetako enkarguak. Gehien bat, nire herrian postua jartzearren izan nintzen bertan.

Nola ikusten duzu sektoreko gazteen zein eskarmentua dutenen etorkizuna?
Geroz eta etorkizun hobea ikusten dut. Izan ere, egoera astiro-astiro hobetu egingo da; nahiz eta duela bost urtetik ona izan den denboraldirik txarrena. Baserri mundua zein kanpokoa nahiko egoera txarrean daude, eta erosleari gehiago kostatuko zaio gazta bat erostea, eta gutxiago erosiko du. Baina nahiko seguru nago egoerak buelta emango duela.

Posible da baserritik bizitzea erakundeen laguntzarik gabe?
Bai, bizitzea bai. Baina diru-laguntzak kenduz gero, benetan balio duen prezioan salduko genuke produktua. Azken batean, baserritik irteten den produktua ez da batere ordaintzen. Adibidez, orain bildotsak saltzen hasi naiz, eta diru-laguntzak hartu beharrean pertsona arruntei salduz gero, diru gehiago irabaziko nuke. Baina handizkari bati salduz gero, ostera, duela 30 urteko prezioan saldu beharko nituzke bildotsak.
 
Zer esango zenioke baserritik bizi nahi duen gazte bati?
Prestakuntzak izanez gero, aurrera egin dezala, edonork ez duelako baserritik bizitzeko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!