Bielle-Lazkano eta Gonzalez-Antxia bikoteen arteko finala ostiral honetan jokatuko da azkenean. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Tornosolo trinketean. Aurreko ostiralean zen jokatzekoa, baina elurra zela eta, Iparraldeko bikotea ezin izan zen Abadiñora etorri, eta partidua bertan behera gelditu zen.
Mikel Gonzalez eta Ander Antxia etxeko bikotea sendoagoa da, teorian, Iparraldeko bikotea baino. Hala ere, partiduak jokatu egin behar dira eta ez dago argi nork irabaziko duen.
Bestalde, lehen mailako finala Gandiaga eta Zabalzarentzat izan zen. Etxeko Arabiourrutia eta Aspuruk ezin izan zuten garaipena lortu, eta 33-40 bukatu zen partidua.