Goma gaineko Euskadiko sokatira txapelketan, Abadiñoko lehen taldea finalera sailkatu da. Bi jardunaldi jokatu dira, bata Mungian eta bestea Bilbon. Bi izan dira guztien gainetik nabarmendu diren taldeak bi jardunaldiak kontuan hartuta, Abadiño "A" eta Ñapurrak, hain zuzen.
Lehenengo jardunaldian Ñapurrak izan zen irabazle. Bilboko jardunaldian, berriz, Abadiño gailendu zitzaion Ñapurrak taldeari, alde bietako tiradak irabaziz. Bi taldeak multzo-buru izan ziren 13 punturekin eta biak sailkatu ziren finalera, beste lau talderekin batera: Ibarra, Murueta, Zuraide eta Sokarriola, hurrenez hurren. Abadiñoko bigarren taldea, aldiz, finaletik kanpo gelditu zen, puntu bakarra eskuratuta.
Garbi gelditu da, beraz, bi talde indartsuenak Abadiño eta Ñapurrak direla. Gogor borrokatuko dira bi taldeak datorren larunbatean Aian jokatuko den final nagusian.
Bestalde, 600 eta 560 kilora arteko txapelketak ere jokatuko dira. Lehenak bi jardunaldi izango ditu, otsailaren 14an eta otsailaren 21ean. Finala otsailaren 28an izango da. Bigarrenak jardunaldi bakarra izango du, Martxoaren 7an jokatuko dena.