Euskadiko Kickboxing Txapelketarako sailkapenaren bila, gaur arratsaldean

Anboto 2014ko abenduaren 13a

FexMack klubeko partaideak Mack Tirado entrenatzaileagaz.

Euskadin kickboxingean dabiltzan borrokalaririk onenak Abadiñoko probalekuan batuko dira gaur, zapatua, 18:00etatik aurrera, FexMack elkarteak antolatutako lehenengo kickboxing openean. Datorren urte hasieran Gasteizen egingo den amateur mailako Euskadiko Txapelketarako txartelak egongo dira jokoan. Txapelketa amateurra izango da, ez dagoelako kickboxing federazioarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kickboxinga boxeo federazioaren barruan dago.


Gaztetxoetatik nagusietara arteko borrokaldiak ikusteko aukera egongo da, eta hiru mailatan banatuko dituzte: light-contact, semi-contact eta full-contact. FexMack klubeko Mack Tiradok esan duenez, “kickboxing arina eta gogorra, bietatik ikusteko aukera egongo da”. Gaztetxoenak askotariko babesgarriekin ibiliko dira, batere minik hartu ez, eta kirolagaz gozatu dezaten.

Parte-hartzaileetatik bederatzi Abadiñoko klubekoak izango dira: Jazmin Henderson, Unax Agirre, Alazne Escabias, Julen Muñoz, Lorea Solana, Dani Borge, Alain Tello, Alex Henderson eta Endika Aspiazu; azken hirurak maila absolutuan ariko dira. Alex Henderson berriztarrak 17 urte ditu, eta gaur lehenengoz parte hartuko du nagusien mailan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!