Pronostikoak apurtuz Inhar Ugartek jantzi du Tornosolo Kopako txapela

Anboto 2014ko urr. 27a, 12:02
Ander Antxia, Inhar Ugarte eta txapelketako antolatzaileak sari banaketan

Atzo Abadiñoko trinketean jokatutako elite mailako finalean Inhar Ugarte alkortarrak 40-32 menderatu zuen Ander Antxia abadiñarra elite mailan. Promesen mailako finala Iker Gordon sopeloztarrarentzat izan zen. Pilotari biak Sopelako Kurene taldekoak dira.

Sopelako Kurene elkarteak egun borobila bizi izan zuen atzo Abadiñoko Tornosolo trinketean. Inhar Ugartek eta Iker Gordonek —biak elkarte horretakoak— buruz buruko Tornosolo Kopako txapelak irabazi zituzten.

Ugartek behe-behetik hasi zuen txapelketa eta ez zegoen txapela irabazteko faboritoen artean. Lehenengo kanporaketan Urruñako Palomesek ia kanporatu zuen, baina partiduari buelta eman eta 40‐35 nagusitu zen Ugarte. Ondoren, Bixintxo garaitu zuen (40‐20) eta finalaurrekotan Mikel Gonzalez berriztarra: 40‐19. Atzo eguerdiko finalean, aldiz, Ander Antxia baino gehiago izan zen (40‐32).

Ugarteren ibilia ikaragarria izan da, fresko eta ausart aritu baita partidu guztietan: Pilota teilatuan ondo jartzen, tantuak abileziagaz bukatzen, sakearekin asmatzen… Finalean 13 sake sartu zizkion Antxiari. Jokuaz aparte, lehiaketa aurrera joan ahala konfiantza hartu du eta horrek kantxan uneroro lasai aritzea ahalbidetu dio. Aurkari denak bera baino indartsuagoak izan dira baina ezin izan dute Algortakoaren abileziarekin. Finalean Ander Antxia saiatu zen jokua nahasten, erritmo bizia jartzen, aurkaria ito arazten, partidua indarrez apurtzen… baina ezin. Laburbilduz, Ugartek merezita jantzi zuen txapela.

Gordonek aurreikuspenak bete zituen

Aipatzekoa baita promesen mailako Iker Gordonen garaipena ere (40‐24). Faborito zen bai, baina hori erakutsi beharra dago eta horrela egin zuen sopeloztarrak. Partidu osoan nagusi izan zen eta bere trinketerako dohaiak erakutsi zituen. Joseba Bilbao aurkariak ere une batzuetan gaia duela argi utzi zuen, laster gora egitea baduela erakutsiz.

Munduko Pilota Batzarrak gidatutako Trinkete Tour egitasmoaren baitan kokatzen da Abadinoko txapelketa eta Durangoko Merindadearen Amankomunazgoak antolatzen du Munduko Pilota Biltzarraren laguntzagaz.

 

Inhar Ugarte Tornosolo Kopan eztarria freskatzen:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!