Zuazubiskar Europako hamar onenen artean sailkatu da jazarpen proban

Anboto 2014ko urr. 20a, 16:22
Entrenamendu saioak.

Guadalupe irlan (Antillak artxipelagoan Frantziaren herrialdea) pistako Europako txapelketa lehiatu dute. Parte hartzen zuen lehen aldian Illart Zuazubiskar abadiñarra 10. sailkatu da (4:43:524) jazarpen proban.

Zuazubiskarrek jazarpen proba bietan (bakarkakoa zein taldekakoa) lehiatzeko asmoa zuen.Taldekakoan ezin izan zuen parte hartu; bigarren egunean lehiatzeko asmoa zuen, baina aurreko egunean bere taldekideek ez zuten sailkapenik lortu. Bakarka 10. sailkatu zen; emaitza oso ona  da kontuan hartuta bere lehenengo Europako txapelketa zuela eta ezin izan zuela aurreko egunetan pista horretan entrenatu. Izan ere, txapelketaren aurreko egun bietan urakan zakar batek jo zuen Guadalupe irla eta hotelean egon behar izan zuen nahi eta nahi ez. Gauzak horrela, pistara egokitzeko entrenamendu barik parte hartu zuen jazarpen proban. Bizikletaren garapenean ez zuela asmatu onartu du eta horrek hiru-lau segundo galtzea ekarri zion: “Oso pozik nago hamargarren postuagaz, baina pistan bertan entrenatzeko aukera izan banu, bi-hiru postu gorago amaitu nezakeenaren sentsazioa dut”, adierazi du abadiñarrak.

Asteburu bi barru pistako Munduko Kopa hasiko da eta Espainiako selekzioko hautatuen artean badago, Mexikon izango den lehen proban parte hartuko du. Euskadi Fundazioa taldea bertan behera geratu zenetik pistan zentratuta dabil Zuazubiskar. Errepideari dagokionez, Naturgas Fundazioak 2015erako aterako duen Euskadi-Naturgas taldean tokia duela adierazi du. Amateur-kontinental mailako taldea izango da eta aurtengo denboraldia amaitu arte Euskadi Fundazioagaz izandako antzerako egutegia lehiatu ahalko du. Toki hori segurtatuta duen arren, oraindik profesional mailako talde bat bilatu guran dabil, nahiz eta kontua “oso gatx” dagoela onartzen duen.

Calvok zilarra eta Elorriagak brontzea

Eustrak taldean lehiatzen duten Tania Calvo gazteiztarrak eta Unai Elorriaga barakaldoarrak beste domina bana irabazi zuen Europako Txapelketan. Azpimarragarria da Calvoren zilarrezko domina abiadura proban: “Espainian emakumezkoen abiadura probetan inoiz lortu den lorpenik handiena da”, adierazi zuen Salvador Meliá Espainiako selekzioko hautatzaileak. Elorriagak omniun-ean irabazi zuen brontzezko domina.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!