Eraikin berria estreinatu dute Zelaietako eskolan

Anboto 2014ko ira. 10a, 09:00

Herri eskolako berriak 1.138 metro koadroko azalera dauka, eta 958.000 euroko inbertsioagaz gauzatu dute.

 

Abadiñoko Udalak eraman du obra aurrera, eta aurrekontuaren %60ko ekarpena Eusko Jaurlaritzak egin du. Beheko solairuan 0 eta 2 urte artekoentzako lau gela atondu dituzte, eta lehenengo solairuan unean uneko premien arabera haur hezkuntzako bigarren zikloko haurrak edo lehen hezkuntzakoak hartzeko baliatu ahalko dituzten beste bost gela daude.

Gobernu taldeak komunikabideetara helarazitako oharrean esaten denez, udalarentzat lehentasunezkoa izan da herriko eskolaren beharrizanak asetzea, eta "egindakoarekin harro egoteko" arrazoiak azpimarratu ditu Jose Luis Navarro alkateak: "Euren bizitzako etapa inportante batean kalitateko hezkuntza jaso ahal izango dute aurrerantzean umeek, instalazio moderno eta egokiotan".

Alkateak gogora ekarri duenez, orain arte "barrakoietan" egon da haurreskola, eta Udalak hilean 3.500 euro ordaindu du azpiegitura horren mantenurako. 

Aurreikusi baino luzeago joan diren obrak amaituta, beraz, 2014-2015 ikasturtea eraikin berria estreinatuz abiatu dute Zelaietako eskolan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!