Zelaietako eskolako obren kontratua luzatzea onartu dute

Anboto 2014ko api. 30a, 17:18

Atzoko osoko bilkuran onartu zuen Abadiñoko udalbatzak (Abadiñoko Independenteen eta EAJren aldeko botoekin, eta Bilduren abstentzioagaz) Zelaieta herri eskolan egiten diharduten lanen kontratua luzatzea.

 

Abuztura arteko tartea izango du lanak egiten diharduen enpresak obra amaitzeko. Beraz, irailerako prest eta erabilgarri behar dituzten eraikin berriak amaitzeko muga-mugan ibiliko dira.

Ez da hau obra honetan atzerapenak gertatzen diren lehenengo aldia: otsailerako amaitzekoak ziren, baina maiatzera arte ezingo zutela amaitu iragarri zuen Jose Luis Navarro alkateak urtarrilean. Atzerapenagaz amaitu zuten dagoeneko erabilgarri dagoen jolastokiko aterpea ere.

“Obra inoizko martxarik onenean doa orain, eta enpresari eskatu duen luzapena emanez gero, irailerako amaituta egongo da”, azpimarratu zuen udalbatzarrean, Navarro alkateak.

Oposizioak, aldiz, Abadiñoko Independienteak taldeko gobernu taldearen jokabidea kritikatu zuen. Saioa Zuazubizkar Bilduko zinegotziak adierazi zuen obra “urgentziazkoa” dela, eta horregatik abstenitu direla, kontra bozkatu beharrean. “Baina neurriak lehenago hartu behar ziren”, kritikatu zuen Bilduk. Atzerapenek eta aldaketek proiektua kaltetu dezaketela azpimarratu zuen Bilduk.

“Obrak amaitzeko enpresak eskatzen duen denbora emango dugun edo ez erabakitzen gabilza orain”, erantzun zuen Navarro alkateak, “proiektuan aldaketarik egin behar den ala ez beste momentu batean eztabaidatuko dugu”.


Irailerako obra amaituta edukitzea premiazkoa dela, eta luzapena egin ezean kaltetuena Abadiño izango dela azpimarratu zuen Eneko Etxebarria jeltzaleak. “Denok egin behar genuke autokritika”, esan zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!