Julen Ardanza, sokatiralaria: "Ikurrina podiumean beste banderen altuera berean ikustea itzela izan da"

Anboto 2014ko ira. 5a, 09:05

Ofizialtasuna lortuta, euskal selekzioak beste nazioen pare parte hartu du Munduko Sokatira Txapelketan, Wisconsinen (AEB). Julen Ardanza abadiñarra izan da gure ordezkarietako bat, eta hunkituta itzuli da etxera. 600 kiloko txapelketan parte hartu, eta brontzea lortu du; podiumera igo dute ikurrina. Gainera, kluben arteko txapelketa ere jokatu da, eta Laukizko (Bizkaia) Gaztedi taldekoekin urrea irabazi du. Domina biak eskuetan dauzkala agertu da elkarrizketara. Txabi Ardanza aitaren pausoei jarraituta hasi zen sokatiran.

Zorionak Julen. Zer sentitu zenuen irabaztean?

Mila gauza etorri zitzaizkidan burura. Urte osoko entrenamenduak momentuan bertan doaz, tiraldian. Amaitzean negarrari eman nion. Poztasun handia izan da guretzat, eta esperientzia oso polita izan da. 

 

Zelan etorri zaizu Munduko Txapelketara joateko aukera?

Hamahiru urtegaz hartu nuen lehenengoz soka. Zazpi urtean-edo ibili ostean, utzita eduki dut. Orain langabezian nago, eta aitak aholkatu zidan berriro sokatiran hasteko, pisua bajatzeko aitzakia ere bazela eta. Astiro-astiro hasi nintzen berriro. Goma gaineko denboraldia Abadiñogaz egin nuen, eta Laukizko Gaztedikoek ea lur gainean eurekin tiratzen hasiko ote nintzen esan zidaten. Aukera eman didate, eta zortea egon da.

 

Gaztedigaz parte hartu duzu, baina ‘Basque Country’-ren  izenean ere bai... 

Euskal Herri mailan irabazten duen taldeak gero selekzio mailan lehiatzeko aukera dauka. Talde osoak hartu dezake parte, eta, gainera, kanpokoekin indartu daiteke. Gure kasuan, Gaztedik tiratu du selekzioaren izenean. Sokatira bat eginda praktikatzeko kirol bat denez, batera entrenatzea komeni da.

 

Eta aurten hori izan da nobedade handiena. Euskal Herria ordezkatzen, gustura?

Motibazio handia izan da. Urte piloa egon gara borrokan horren alde, eta azkenean lortu dugu. Ikurrina podiumean beste banderen altuera berean ikustea itzela izan da.

 

Zelan joan ziren lehiak?

Klub mailan hamaika ginen, eta denok denon kontra egitea tokatu zitzaigun. Talderik indartsuenak ilaran tokatu zitzaizkigun. Finalerdietara bidean beste maila batekoak egokitu zitzaizkigun. Pentsatu baino errazagoa izan zen, baita finala bera ere. Nazio mailan, berriz, maila handi-handia zegoen. Tiraldi oso gogorrak izan ziren. Finalerdietan Herbehereen kontra justu-justuan galdu genituen tiraldi biak. Gero [hirugarren eta laugarren postua zeuden jokoan], Ingalaterraren kontra lehenengo tiraldia luzatu egin genuen, eta besteak nahiko erraz etorri ziren. 

 

Euskal Herriaz gainera, kanpoko selekzioek ere fama dute.

Herbehereak, Suitza, Suedia... Talde oso gogorrak dira lur gainean. Gehienbat, tiralditik ateratzera joaten dira; gure jokoa, ostera, eustea izaten da, tiraldia luzatu, eta nekatzen direnean ekarri. 


Zein selekziok harritu zaitu?

Nesketan, adibidez, Txina Taipeik. Unibertsitarioek bakarrik tiratzen dute. Han diru-laguntza handiak dauzkate. Asteko bost egunetan entrenatzen dute, eta makina batzuk dira, robot batzuk. Guztiek bat eginda tiratzen dute. Harrigarria da ikusteko. 

 

Espero zenuen noizbait munduko txapeldun geratzea?

Inork ez du ezer erregalatzen. Entrenatu behar izaten da. Sekulako babesa eduki dut bai aitaren, bai Abadiñoko taldearen partetik; eta Gaztediren laguntza ere eduki dut. Asko irakatsi didate, eta norbere esfortzuak ere lagundu du. Egia esanda, domina bakar bategaz ere oso pozik egongo nintzateke. 

 

Munduko txapelduna zara. Hortik gorago ezin joan... 

Bai. Beti joan ahal da aurrerago. Nazio mailan urrea lortu behar, ikurrina goian ipintzeko eta ereserkia entzuteko. 

 

Non gordeko dituzu dominak?

Ez dakit. Aitak bitrina bat eginda dauka etxean, irabazi dituen domina guztiekin. Beharbada, nik ere hasi beharko dut horrelako zer edo zer egiten [barrez]. 

 

Zenbat bider begiratu diezu dominei?

Askotan! [Barrez]. Urrezkoak poztasun handia eman dit, baina nazio mailan euskal selekzioagaz domina bat lortzea oso polita izan da. Bi domina lortu dira nazio mailan, eta lau klubetan.

 

Wisconsinen izan da. Turismoa egiteko ere hartuko zenuten tartea, ezta?

Bai. Astelehen goizean ailegatu ginen hara. Chicagon egon ginen egun bi, eta turismo apur bat egin genuen. Zortea eduki  genuen, oso esperientzia polita izan zen eta. Gero Madisonera jaitsi ginen; eguaztenean pisu neurketa izan genuen, eta eguenean hasi zen lehia. 

 

Orain, zer erronka daukazu?

Denboraldi bi egin ditut aurten, goma gainekoa eta lur gainekoa. Oso nekatuta nago, eta, beraz, momentuz atseden hartuko dut. Gero zer gertatuko den denborak esango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!