Sevillako kartzelan duatloian aritu dira 40 preso abadiñar baten ekimenez

Anboto 2014ko uzt. 15a, 11:31

Ekimeneko antolatzaileak eta laguntzaileak Sevilla I kartzelaren kanpoaldean

Jon Karro triatleta abadiñarrak ‘DuLibreMan’  duatloia antolatu du Sevillako kartzela barruan: “Oso esperientzia positiboa izan da. Datorren urtean errepikatzea gustatuko litzaidake”.

 

DT1 taldeko Jon Karro triatleta abadiñarrak kirola eta integrazioa uztartzen dituen ekimena gauzatu zuen Sevillan joan zen zapatuan. Sevilla I kartzelan 40 presok eta andaluziako bost triatleta profesionalek osatutako taldeak duatloi bat lehiatu zuten kartzelako lau hormen artean: 5 kilometro korrika, 10 bizikletan eta 3 korrika. Kartzelako hormek ahalbidetzen zuten zirrikitu denak aprobetxatu zituzten zirkuitua osatzeko. Egun luzea izan zen, antolatzaileek dena ondo irteteko ardura zutelako, eta dena aurreikusi moduan irten zen: “Oso balorazio positiboa egiten dugu. Hainbat elkarteren laguntza izan dugu ekimena aurrera irten zedin. Andaluziako Triatloi Federazioko ordezkariak ere oso pozik daude ekimenagaz”.

1.200 preso daude Sevilla I kartzelan eta horietako 40 presok parte hartu dute duatloian. Batzuk oso kirolariak ziren, duatloietan eta antzerako lasterketan parte hartu izan dutenak: “Asko lapurretengatik daude kartzelan. Han barruan kasu asko ezagutu ditut. Esaterako, langabezian egon eta familia aurrera ateratzeko lapurretaren bidea hartu behar izan dutenak”.

Horiek horrela, datorren urtean “ekimena errepikatzea” gustatuko litzaioke Karrori “ahal dela beste kartzela batean eta posible bada Euskal Herrian”. Baina Euskal Herrian horrelako ekimen bat antolatzea “oso zaila” dela onartu du. Lehen aldi honetarako aurreneko aukera Euskal Herriko kartzela bat zen, baina azkenean kanpora irten behar izan du.

 

Preso batek duatloiko kartelean utzitako mezua:

 

 

Jon Karro duatloia iragartzeko kartelagaz:

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!