“Porschea oso dibertigarria iruditu zait; alternatiba honek ilusioa egiten dit”

Anboto 2014ko uzt. 15a, 09:30

Igor Urien Porschearen barruan Nafarroako zirkuituari aurree egiteko prest.

GT Sport txapelketarako Drivex taldeko Porsche 997 RSRagaz egindako probek pozik utzi dute Igor Urien abadiñarra.

 

Joan zen barikuan Igor Urienek Porsche 997 RSR baten bolantea probatu zuen Nafarroako Zirkuituan. Formula 3an jarraitzeko babesle bila dabilen bitartean, GT Sport txapelketako Drivex taldeak amua bota dio Urieni eta bere taldera batu gura du. Formula 3an jarraitzea da “lehentasuna” bere berbetan,  baina GT Sport txapelketa garrantzitsua da eta ate horri ere zabalik eusteak asko balio du. Horrela, Urien autora zelan moldatzen den ikusteko probak egin zituzten eta “oso pozik”  dago emaitzagaz: “Asko dibertitu nintzen”, dio.

Hogeita hamar bat itzuli eman zizkion Nafarroako zirkuituari. GT Sporteko autoen eta formulen artean gidatzeko modua aldatu egin diren arren, “nahiko trankil” pistaratu zela adierazi du: “Taldean dabiltzan gidari batzuek aholkatu nindutan. Aurretik formulekin ibiliak ziren nire moduan eta autora nahiko erraz egingo nintzela esan zidaten. Hiru-lau azalpen jaso eta pistara irten nintzen”.

Denbora oso onak egin zituen Urienek: “Txapelketan parte hartzen ari diren pilotuen denbora onenetatik gertu ibili nintzen”. Eskainitako errendimenduagaz ez ezik auto barruan bizitako sentsazioekin ere gustura dago 19 urteko abadiñarra: “Porschea oso dibertigarria iruditu zitzaidan eta eroso sentitu nintzen bera gidatzen. Egia esanda alternatiba honek ilusio handia egiten dit”.

Urienek gidatu zuen Porschea lako bederatzi bakarrik daude munduan eta 600 zaldi inguru ditu. Formula bategaz alderatuta “bihurguneetan ez da hain bizkorra, baina balaztatze eta azelerazio indartsuak ditu”. Taldea ere bere jardunagaz gustura geratu zela adierazi du.

Gauza horrela, GT Sporterako atea zabalik geratzen zaio Urieni. Baina Formula 3a da bere lehen aukera eta txapelketa amaitu ahal izateko finantziazioa lortzeko ahaleginetan dabiltza bai bera eta bai bere ingurukoak. Batean zein bestean goi mailan jarraituko du.

Erlazionatuak

Igor Urien Porsche

Anboto 2014 uzt 15 Abadiño

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!