Ehunmilak mendi lasterketaren bosgarren aldia lehiatu zuten atzo eta emakumeetan Silvia Trigueros izan zen onena. Orain hilabete Hiru Handiak proba irabazi zuen. Bera da ultra trailetan gaur egungo Espainiako txapelduna. Dudarik gabe Trigueros mendi lasterketetan erreferente bihurtu da Euskal Herrian zein Espainiar Estatuan.
Ehun Milak lasterketak ia 300 parte hartzaile batu zituen eta ibilbidean zehar 11.000 metroko desnibel positiboari aurre egin behar izan zioten korrikalariek. Trigueros emakumerik onena izan zen hasi eta amaitu eta sailkapen orokorrean aurreneko hamarren artean sartzea lortu zuen: bederatzigarren izan zen 28.48.23ko denboragaz. Elena Calvillok (29.30.08) eta Urkizu Mendiolak (29.53.19) osatu zuten emakumeen podiuma.
Gizonetan lehia estua mantendu zuten Imanol Aleson eta Javi Dominguezek. Azkenean Javi Dominguez izan zen onena (23.29.10) eta hamaika minutuko aldea atera zion Alesoni: 24.40.29. Iñaki Catalan sailkatu zen hirugarren: 27.04.57.