Noiz hasi zinen idazten?
A través de mis pensamientos poesia liburua kaleratu nuen lehenengo. Errelatuak ere idazten nituen, baina. Nire amak kontatzen zizkidan istorioak eta kontuak idazten nituen. Urrian ama hil zenez, hori guztia liburu batean biltzea pentsatu nuen bere omenez.
Nor zen Camila Rodríguez?
Emakume on bat zen, jakintzaz betea. Ikasketarik ez izanagatik ere, oso jakintsua zen. Bere familiaren alde jardun zen bizitza osoan. Alargun gelditu zen 70 urtegaz. Azken urteotan Muntsaratzen gugaz bizi izan da, oso pozik. Gure etxetik Anboto ikusten zuen, eta horrek bere Galiziako herria gogorarazten zion.
Zure ama kontalari ona zen. Zelako istorioak kontatzen zizkizuen?
Galiziako herrian bizitakoak kontatzen zizkigun. 95 urtegaz oraindik istorio ugari gogoratzen zituen. Esate baterako, otsoagaz gertatutakoak. Behin, ortuan lanean zebilela, ahuntz bat lotuta zeukan inguruan. Otsoa agertu zitzaion, eta zarataka hasi zitzaion otsoari handik alde egin zezan. Azkenean, otsoa joan egin zen. Otsoagaz lotutako beste istorio batzuk ere kontatzen zizkigun.
Abestea ere gustuko zuen.
Bere Galiziako herritik juglareak pasatzen zirenean, kopla haiek buruz ikasten zituen, eta gero niri abesten zizkidan.
Liburuan luma-muturrez margotutako irudiak daude.
Ilustrazioak Valentín Urrutia nire bikotekideak egin ditu. Marrazkiak eta ezkutuak ere egiten ditu.
Familian elkarlanean kaleratu duzue liburua, beraz.
Bai, nire semeak bere amamari ateratako argazkiak ere agertzen dira. Amamak posatu egiten zuen hilobarentzat.
Senitartekoek eta zure ama ezagutu zutenek zer esan dizute liburua irakurtzerakoan?
Oso emozionatuta egon dira. Poema liburuagaz negar asko egin dutela esan didate. Beste liburu honegaz, berriz, esate baterako, txakurraren eta txerriaren pasartea nire neba-arrebek gogoratzen zuten. Nik txerriari Catalina izena jarri nion liburuan, baina Cuesquina deitzen zen. Amak gogoratzen ez zuenez, asmatu egin nuen. Familian irakurri zutenean izena zein den gogoratu egin zuten.
Liburua non eskuratu daiteke?
Abadiñon, Hezgarrin eta Petiten eros daiteke. Durangon, berriz, Urriken eta Irakurrin eros daitezke bi liburuak.
Zuk zeuk kaleratu duzu?
Rotsita deitzen da argitaletxea, eta nik neuk kaleratu dut.
Erraza izan da ekoizpen lan hori?
Asko kostatzen da. Inprentara bidali behar da, bertan begiratu egiten dute, eta, bueltatzen dizutenean, norberak dena berrikusi behar du. Azala eta kontrazala Valentín Urrutiak egin ditu.
Baduzu proiektu berriren bat esku artean?
Historia bat dut pentsatuta. Liburuaren barruan poema batzuk ere badaude. Poesia liburu bati zabalkundea ematea oso zaila da, beraz, errazagoa da liburuaren barruan kontatzen duzunagaz batera poemaren bat sartzea.
Liburuaren aurkezpen berezia egin zenuen.
Aurkezpenean Banartek parte hartu zuen eta ekitaldi polita izan zen. Orain Galizian aurkeztuko dugu liburua.
Interneteko foro batean ere parte hartzen duzu.
Bai, maryluna.mundoforo.com-en parte harzten dut. Bertan poemak ezagutarazteko aukera dago eta foroan eztabaidatzeko ere bai.