Atzo onarturiko udal aurrekontuari buruzko azalpenak eman ditu Abadiñoko alkateak

Anboto 2014ko mai. 28a, 12:51
Atzoko udalbatzarrean jeltzaleen babesagaz onartu zuten udal aurrekontuari buruzko azalpenak eman ditu Jose Luis Navarro alkatea, gaur.

 

Abadiñoko alkateak gogora ekarri du, gaur, hirugarren urtea dela Abadiñoko Independienteak taldeak EAJren babesa daukana aurrekontu proposamena osatu eta onartzeko. "Publikoki eskertu gura diegu elkarrizketarako eta akordiorako daukaten jarrera", azpimarratu du Jose Luis Navarrok. "Argi esan beharra dago lehentasunezko harremana daukagula EAJrekin: egunean egunean kolaboratzen dugu udaletxean".

2014rako aurrekontuaren kopuru osoa iazkoa baino %11 txikiagoa (8.562.000 eurokoa) izan arren, Udaleko sail batek ere ez duela murrizketarik jasan, azpimarratu du Jose Luis Navarrok. Nabarmendu du, iazko aurrekontu bera mantendu dutela Kirola, Jaiak, Kultura eta Berdintasun sailetarako, eta igo egin dutela beste hiru sailen diru-atala: Gizarte Ekintzan, Hezkuntzan eta Euskaran iaz baino 20.000 euro gehiago gastatzea aurreikusi dute, eta 10.000 euro gehiago Gazterian. "Herria dinamizatzen duten ekintzak dira", Navarroren berbetan udal batzordeetatik bideratzen direnak, "lehentasunezkoak", beraz.

Lehentasunak

Udalaren aurtengo inbertsio nagusiak "derrigorrezko lehentasunak" direla azpimarratu du alkateak, "eztabaida politikotik kanpokoak". Hiri Antolamendurako plana berriztea, esaterako, "derrigorra" du Navarroren berbetan Udalak, eta horretara bideratuko dituzte, aurten, 100.000 euro. Lau urteko prozesua izango da, eta urtean 100.000 euro inbertituko ditu udalak horretan. Mediatekaren eraikinean "estetikagaz eta segurtasunagaz lotura daukaten obrak egitea" ere, derrigorra duela azpimarrtu du alkateak, eta horretara bideratuko dituzte 18.000 euro.

Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, gainontzeko 80.000 euroak zelan inbertitu izan da aurrekontu proposamenari lotuta eztabadaigai izan dutena. Esan bezala, jeltzaleekin adostu dute 55.000 euro Correos zegoen lokala atontzera bideratzea (Zelaietako jubilatuen elkarteari lagatzeko), eta 27.000 euro rokodromo bat eraikitzeko erabiltzea. Proiektu horiek gauzatzen abuztua baino lehen hastea gura duela adierazi du Jose Luis Navarrok.

Udalen egonkortasun ekonomikorako Espainiako Gobernuaren legeak udalen inbertsio ahalmena asko baldintzatzen duela azpimarratu du alkateak. Iazkoagaz alderatuta, %80 txikitu da udalak inbertsio errealetara bideratu ahalko duen diru-atala.

Bestalde, aurrekontu proposamena udalbatzarrera maiatzean eramateko arrazoia zein den azaldu gura izan du alkateak: "Eskolako obra aurrera ateratzeko beharrezkoa genuen diru-laguntza osorik jasoko genuen konfirmatu arte ezin izan dugu aurtengo aurrekontua aurkeztu", esan du.

 

Multinazionalen eragina

Azken hilabeteetan herrian kokatzea erabaki duten multinazionalek udalaren diru-sarreretan duten eragin positiboaz jardun da, gaurko prentsaurrekoan, Abadiñoko alkatea. "Proiektu horien kontra zeudenei esan nahi diet, McDonalds eta Pierburg enpresak direla Abadiñon enplegu gehien sortu duten enpresak". Abadiñoko alkateak azaldu duenez, McDonalds enpresak egoitza berrirako kontratatu dituen langileen %95 abadiñarrak dira; 10 lanaldi osokoak eta 30 erdikoak. Kontratu mugagabeak, guztiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!