Jeltzaleen babesagaz onartu dute udal aurrekontu proposamena

Anboto 2014ko mai. 28a, 09:00
Bilduko bost zinegotziak, kontrako bozka ematen.
Iazkoagaz alderatuta, %11 txikiagoa da atzoko udalbatzarrean onarturiko udal aurrekontua. Murrizketek gizarte laguntzetan eraginik ez izatea lortu dutela nabarmendu dute Independienteek eta jeltzaleek.

 

EAJko ordezkari bien eta Abadiñoko Indeoendienteen aldeko bozka jaso zuen atzo, 2014rako udal aurrekontu proposamen honek. Kontra bozkatu zuten Bilduko zinegotziek.

Antonio Serrano ogasuneko zinegotziak azaldu zuenez, azken urteetakoak bezala, "krisi sasoirako aurrekontua" da onarturikoa. Iazkoagaz alderatuta, gainera, %11ko jaitsiera aurreikusten duena (8.562.000 euro, guztira). Aurrekontua adostu duten jeltzaleek eta Independienteek nabarmendu dute, hori horrela izanda ere, murrizketek gizarte laguntzetan eraginik ez izatea lortu dutela.

Iazkoekin alderatuta, udalaren aurtengo inbertsio errealetan %80ko jaitsiera aurreikusi dute, eta Hiri Antolamendurako plan orokorra berriztea, Trañabarren plaza atontzea eta rokodromo bat eraikitzea izango dira urte honetako inbertsio nagusiak.

Aitor Azueta Bilduren bozeroaleak, gobernu taldeak "Bildu aurrekontuen lanketatik baztertu" duela kritikatu zuen: "Iaz gertatu bezala, aurten ere aurrekontuak gure lepotik adostu dituzte EAJrekin". Bilduren ustez, udal aurrekontu honek "ez du proiektu bat islatzen, epe motzera begira egindakoa da, eta etorkizunerako perspektibarik bakoa".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!