Ander Iturraspe: "Klubak eta, batez ere, zaleek horrelako urte bat behar zuten"

Anboto 2014ko mai. 9a, 13:27
Hamabost urteren ostean, Txapeldunen Ligarako sailkatu da Athletic; denboraldia aztertu du Iturraspek elkarrizketan: "Uste dut denboraldi osoa izan dela, eta oraindik hobeto jokatu ahal dudala".

 

Europako txapelketa garrantzitsuenean, Txapeldunen Ligan, parte hartzeko aukera lortu du Athleticek aurten. Liga amaitzeko jardunaldi biren faltan matematikoki sailkatu da, denboraldi bikaina egin eta gero. Horren arduradunetako bat izan da Ander Iturraspe abadiñarra. Taldearen motorretako bat izan da defentsa lanean zein erasoa antolatzen. Domekan zaleekin batera ospatu gura dute sailkapena, San Mames Barrian Realaren kontra jokatuko duten lehenengo derbian. Lezaman, pozik eta beti bezain atsegin erantzun die galderei Iturraspek.

Lorpen handia da Txapeldunen Ligarako sailkatzea, ezta?
Argi dago guretzat sekulako meritua dela. Joan zen urtean momentu gaitzak bizi izan genituen denok; klubarentzat urte oso zaila izan zen. Klubak eta, batez ere, zaleek horrelako urte bat behar zuten. Orain dela urte bi final biak izan ziren, oso txarto amaitu genuen denboraldia, baina sentsazio onekin. Joan zen urtea ona izango zela zirudien, eta ez zen horrela izan. Denok behar genuen aurten egin dugunaren moduko urte bat.

Denboraldi hasieran gutxik esperoko zuten taldea hain ondo ibiltzea.
Inork ez zuen espero. Guk bagenekien taldeak ahala eta kalitatea zeuzkala. Baina iazkoa lako denboraldi batetik zatozenean, zuhurra izaten saiatzen zara. Denboraldi hasiera oso ona izan zen, puntu asko lortu genituen. Gero, konstantzia eduki du taldeak. Denboraldiaren erdialdean konturatu ginen gertatu ahal zela Europan ibiltzea. Bagenekien hor egon behar genuela, nahiz eta hainbeste ez esan publikoki. Laugarren postuan kokatu ginenean, horren alde borrokatzeko obligazioa geneukan. Taldeak jardunaldi biren faltan lortu du sailkapena, eta horrek ere meritu itzela dauka.

Zein izan da hain denboraldi ona egiteko gakoa?
Gakoa izan da oso erregularrak izaten ari garela. Denboraldi osoan ez ditugu galdu partidu bi segidan ligan, eta horrek erakusten du gure erregulartasuna. Kopan ere Atlético Madrilen aurka nik uste oso lehiakorrak izan ginela, eta zehaztasun batzuengatik ihes egin zigula garaipenak. Denboraldi oso positiboa izan da.

Zelan bizi izan zenuen Rayoren kontrako neurketa eta osteko ospakizuna?
Momentu itzela izan zen. Zortea eduki genuen 0-3 irabazi genuelako; azkenean disfrutatzeko momentuak ere badaude partiduan. 5.000 pertsona egon ziren; tartean nire gurasoak. Ilusio piloa egiten du. Giro ona egon zen, jende asko zegoen, emaitza bikaina izan zen... Zer gehiago eskatu ahal dugu? Rayoren kontra zen gainera, eta talde bietako zaleen arteko konexioa dago.

Aurreko astean Sevillaren kontra irabaztea ere garrantzitsua izan zen.
Bai. Eurek azkenengo hamar partiduetatik bederatzi irabazi zituzten. Guk bagenekien etxean oso indartsu ari ginela,  gure bigarren itzulia ere oso ona izaten ari dela. Sendo ibili ginen,  partiduan agindu genuen. Zelako kalitatea eta erritmoa dauzkagun erakutsi genuen. Final baten modukoa zen.

San Mames Barriari ere etekina atera diozue, partidu ugari irabazita.
Bai. Denboraldi hasieran ez neukan argi zelan ibiliko ginen. Nahiz eta leku berberean egon, gauzak aldatu egiten dira. Zorionez ondo ibili gara, eta gure zelaian lortutako emaitzak funtsezkoak izan dira.

San Mames zaharreko magia mantentzen da berrian?
Ez dakit. Oraindik nik uste ezetz. Zelaia ez dagoenez amaituta, ezin da alderatu. Baina besteak bazeukan zerbait berezi egiten zuena. Partidu onak jokatu izan ditugu berrian, baina ea ahalik eta arinen ixten duten eta orduan erantzungo dizut.

Eta pertsonalki zelan sentitu zara aurten?
Nik ere behar nuen horrelako urte bat. Iaz arazo fisiko pilo bat eduki nuen; taldea ez zen bere mailan egon, eta ni ere ez. Uste dut denboraldi osoa izan dela, eta oraindik hobeto jokatu ahal dudala.  

Mikel Ricogaz bikote sendoa osatu duzu zelai erdian.
Entrenatzaileak proba piloa egin zituen denboraldi hasieran, eta, azkenean, biok eduki dugu jarraikortasuna, Ander Herrera apur bat aurretik zegoela. Mikelek denboraldi itzela egin du, eta golak ere sartu ditu gainera. Mutil bikaina da.

Ernesto Valverdegaz zelan?
Entrenatzaileak lan gaitza zeukan. Bielsak harrera ona eta eragina izan du Athleticeko zaleen artean; jende asko gogoratzen da beragaz. Bestalde, Ernestoren bigarren etapa da. Berak ere esan zigun bigarren etapak sarritan ez direla onak izaten. Jokalari asko pubiseko arazoekin hasi ginen gainera. Hori guztia kudeatzea zaila zen. Argi dago, hala ere, talde ona daukala, konprometitua. Lagunak gara guztiok, eta daukagun giroa itzela da.

Domekan derbia dator. Ospatzeko partidua izango al da?
Derbi bat berriro irabazteko aukera da guretzat. Gainera, San Mamesen da, eta inoiz ez dugu gura izaten Realak bertan irabazterik. Giro oso ona izango da, festa baten modukoa. Irabaztea da gura duguna, derbia delako, eta zaleek, klubak eta guk nahi duguna delako.

Udan Txapeldunen Ligarako sailkapen kanporaketa edukiko duzue. Hasi zarete aurkari posibleak aztertzen?
Noski komentatzen dugula. Gure aurkaria zein izango den garrantzitsua izango da. Zozketan talde oso-oso gogorrak sartuko dira. Oraindik ez dago garbi beste ligetan zer pasako den, baina horri begira gaude.

Kanporaketa gaindituz gero, zein talderen kontra jokatzea gustatuko litzaizuke? Edo zer estadio bisitatzea?
Borussia Dortmunden zelaia asko gustatzen zait. Harmaila bakarra dauka, behetik gorakoa. Horma baten modukoa da eta lagun pilo bat sartzen dira bertan. Giroa oso ona da, eta taldea ere sekulakoa da. Zelai horretan jokatzeko kuriositatea daukat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!