Mari Carmen Aldazabal: "Neuk zabaldu eta neuk itxiko dudan denda da Uneibi"

Anboto 2014ko mai. 7a, 09:26
Mari Carmen Aldazabal izan da aurtengo Traña-Matienako San Prudentzio jaietako pertsonaia. Markiñarrak orain dela 30 urte zabaldu zuen Uneibi gozoki denda. Eta aurten Jai Batzordekoek omendu egin gura izan dute.



Behin jaiak bukatuta eta sariak zeuk edukita, nola bizi zenuen unea?
Deitu zidaten momentuan susto galanta hartu nuen. Ez nekien ezer ere, eta neure izena mikrofonotik entzun nuenean sinetsi ezinda geratu nintzen. Baina, orain, denbora pasata, oso pozik nago sari hau jasotzeagatik. Eta herritarrei oso eskertuta nago.

Jaietako pertsonaia zu zinela esan zutenean mundu guztia zure izena oihukatzen hasi zen.
Hasieran, Mari Carmen Aldazabal esan zutenean jendeak ez zekien nor nintzen. Baina gero, dendaren izena aipatu zutenean, mundu guztia nire izena oihukatzen hasi zen, eta hori oso polita izan zen. Gainera, momentu horretan hunkitu eta erreakzionatu ezinda geratu nintzen.

Jendearen erantzuna, beraz, ona izan da?
Bai, herritar asko etorri zait dendara zorionak ematera, eta kalean ere askok geratu eta zoriondu naute. Nire ingurukoak behintzat oso pozik eta emozionatuta egon dira nik jasotako sariarekin, eta niretzat hori da garrantzitsuena. Herriko ume eta guraso askok ere zoriondu naute. Eta aprobetxatu nahi nuke zoriondu nauten guztiei eskerrak emateko.


Saria hainbeste urtetako lanaren emaitza izan da.
Bai, hori da. Azken batean, nire lana umeekin guztiz lotuta dago, eta beraiekin dudan harreman onaren emaitza da honako hau. Hala ere, aitortu behar dut niri lan hau oso erraza egiten zaidala, azken batean, umeekin oso ondo konpontzen naiz eta.

Urte batzuk atzera eginez, nola bururatu zitzaizun gozokidenda jartzea?
Orain dela 30 urteko kontua da. Nire haurrak hazten zihoazen, eta lokal hau geneukanez, zerbait egitea bururatu zitzaigun. Orduan lanik gabe nengoen, beraz, aprobetxatzea bururatu eta gozoki denda jartzea erabaki genuen. Gainera, garai horretan ez zegoen gozoki denda askorik auzoan, beraz, aukera ona zela bururatu eta jarri egin genuen. Aukera ona izateaz gain, inbertsio handirik eskatzen ez zuen negozioa zen, hortaz, bi aldiz pentsatu gabe jarritako negozioa da. Dendari Uneibi izena jartzerako orduan ere ez nuen dudarik izan; nire hiru seme-alaben izenen hasierako bi letrak dira eta: Unai, Eider eta Bidatz.

Lan egiteko modu berberekin jarraitzen duzu hasieratik?
Ez, esaterako, orain lehen baino ordu gutxiago egiten dut lan. Hasieran goizez eta arratsaldez irekitzen nuen gozoki denda, baina goizetan inor gutxi ibiltzen zenez, ez zabaltzea erabaki nuen. Orduan, goizez beste lan batzuk egin eta arratsaldez bakarrik zabaltzen hasi nintzen. Orain, nahiz eta dendagaz bakarrik jarraitu, arratsaldez bakarrik zabaltzen dut, 16:30etik 20:00etara. Bestela, gainontzeko guztia berdina da.
Gozoki denda izateaz gainera, askorentzat lokal ere bihurtzen da Uneibi eguraldi txarra dagoenean.
Bai, horrela da. Beti izaten ditut dendan aulki batzuk, eta umeak hona etorri eta bertan egoten dira berriketan. Elkarrizketa asko izaten dituzte bertan umeek, baina hori bai, sekretuak izaten dira, eta ezin zaizkio inori kontatu. Beraien eta nire arteko kontuak dira. Sortzen den harremana oso polita izaten da. Azken batean denbora dezente egoten naiz beraiekin.

30 urtean herriko haurrak nola hazi diren ere ikusi duzu.
Bai; bai umeak, baita gurasoak ere. Lehen gurasoekin etortzen ziren gazte asko eta asko orain euren umeekin etortzen dira, edo beraien seme-alabekin etortzen zirenak orain bilobekin etortzen dira.
 
Gozoki dendak zer gauza on eman dizkizu zuri?
Gauza onena umeekin sortzen den kimika berezi hori da. Horrez gainera, jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut. Bestalde, denda ixteak pena handia emango didala ere badakit, baina egunen batean momentu hori ere helduko da. Uneibi bere garaian neuk zabaldu nuen, eta momentua heltzerakoan neuk itxiko dudan gozoki denda da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!