‘7 aulki’ antzezlana estreinatuko dute gaur, Errota kultur etxean

Anboto 2014ko maiatzaren 2a

Traña-Matienako San Prudentzio jaien egitarauaren barrukoa da gaurko antzerki emanaldia.

 

Gaur gauean taularatuko du 7 aulki obra lehenengoz herriko 25 gaztek osaturiko Et@rte antzerki taldeak. Traña-Matienako Errota kultur etxean izango da emanaldia, 22:00etan. Doako sarrera izango du emanaldiak, baina aurretik kultur etxean bertan eskuratu daiteke sartzeko gonbidapena.

12 eta 17 urte arteko gazteek antzezten dute obra –lehenago antzerki tailerrean jardundakoak batzuk, eta oholtza gainean lehenengoz dihardutenak beste batzuk–.

Taldeko kideek aurreratu dutenez, Abadiñoko euskaran egiten dituzte obrako elkarrizketak, eta komedia eta drama uztartzen ditu antzezlanak.

Tailerraren arduradun jardun den Eñaut Uruburuk idatzi eta zuzendu du gazteen 7 aulki obra. Maddi da protagonista, “eserleku bat aurkitzeko ahaleginetan” dabilen neska.

Gazteen artean aisialdia eta balioak lantzeko helburuagaz Abadiñoko Udaleko Gaztedi Arloak antolaturiko tailerrean sorturiko taldea da Et@rte. Eñaut Uruburu abadiñarrak egin zuen taldea sortzeko proposamena, eta udalak lagundu egin die; Ima Zapardiez zinegotziaren berbetan, “gazte jendea era guztietako proiektuetan inplikatu nahi duten herritarren ekimenak bultzatzea da udalaren asmoa”.


Sanprudentzioetan egingo dute estreinaldia, baina aurreratu dutenez, Zelaietako santrokazetan ere eskainiko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!