Aitor Martinezen belauneko ebakuntza ondo joan da

Anboto 2014ko martxoaren 25a

Aitor Martinez motor gidari abadiñarra
Jon zen eguenean egin zioten ebakuntza Aitor Martinez motor gidari abadiñarrari. Eskuin hankatik tendoi zatiak kendu eta txarto zeukan ezker belaunean txertatu zizkioten. Hiru hile beharko ditu errekuperatzeko.

 

Lau egun joan dira Aitor Martinezi ebakuntza egin ziotenetik. Medikuen arabera ebakuntza ondo joan da eta orain apurka errekuperazio prozesuari ekingo dio. Oraindik hanka biak hesgailuz babestuta ditu. Makuluen laguntzagaz eskuin hanka lurrean pausatzeko kapaz dela dio, baina ezkerreko hankak denbora gehiago beharko duela. Ohiko bizimodua egiteko hiru hile beharko dituela aurreikusi dute eta berriro lehiatzeko bost-sei hile beharko lituzke. Dena dela, aurtengo denboraldia bertan behera uztea erabaki du: “Txarrena joan dela eta erabat errekuperatzeko lau egun gutxiago falta direla pentsatzen dut. Jarrera positiboa izatea gustatzen zait”, adierazi du. Ebakuntza egingo ziotela sare sozialetan iragarri zuenetik jendearen aldetik jasotako berotasuna ere eskertu du: “Ehun mezutik gora izan dira sare sozialetan. Itzela da. Asko eskertzen diet denei eman didaten babesa”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!