Silvia Trigueros nagusi Les Fonts ultra trailean

Anboto 2014ko mar. 17a, 17:17

Silvia Trigueros Les Fonts ulta trailean

Silvia Triguerosek Les Fonts ultra traileko sailkapen nagusia irabaztea lortu du. Hiru egunetan 120 kilometro egin behar izan dituzte, 23km ostiralean, 70km zapatuan eta 27km domekan.

Lehenengo egunetik Les Fonts probako lider jarri zen, Abadiñon bizi den korrikalaria. Bere buruari jarritako marka (bi ordu) sei minutu inguruan hobetzea lortu zuen; 1:53:23 denbora eginez. Marka horrekin zapatuan bigarren emakumearekiko sei minutuko aldearekin irteteko aukera eduki zuen.

Zapatukoa hiru lasterketatik luzeena izan zen. Hasieratik Trigueros izan zen lasterketa buruan eta inork ez zuen lortu hau aurreratzea. “Helmugan esperotako emaitza lortu nuen, 9:22:38”,aitortu du korrikalariak.

Domekan berriz,  bigarrenarekiko 45 minutuko errenta izan zuen korrikalariak. Baina helmugarako lau kilometro faltan hirugarren postuan zegoenean bide okerra hartu eta lasterketa laugarren bukatzea lortu zuen.

Hala ere, 14:57:05 markarekin Silvia Triguerosek emakumezkoetan sailkapen nagusia irabaztea eta sailkapen orokorrean hamalaugarren postuan bukatzea lortu zuen. Hurrengo lasterketa  apirilaren 6an Frantzian izango du, Citadelleseko ultra traila.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!