Oihana Azkorbebeitia bigarren, Azpeitiko igoera bertikalean

Anboto 2014ko martxoaren 10a

Oihana Azkorbebeitia ezkerrean, Azpeitiko igoera bertikaleko podiumean
Ama izan ostean, apurka-apurka lasterketa ofizialetara itzultzen ari da Oihana Azkorbebeitia. Espero baino hobeto, itzuli ere. Otsailean hirugarren amaitu zuen Enkarterrietako Apuko Igoera. Joan zen asteburuan, aldiz, bigarren izan da Azpeitiko igoera bertikalean.

 

Azpeitiko Zuzenien Igoera Bertikalean “patxadan bada ere helmugara heltzea, amaitzea” zuen helburu Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak, baina “oso gustura” aurkitu zela onartu du eta bere sasoirik onenetan lez aritu zen. Emakumeetan bigarren amaitu zuen Vanesa Ortegaren (34.29) atzetik. Orain urte bi 38 minutu inguruan osatu zuen eguraldi txarrak baldintzatutako proba bera, eta aurten 36.09ko denbora behar izan du eguraldi atsegin eta lurzoru lehorreko igoera amaitzeko. Beraz, orduko eta oraingo baldintza klimatikoak kontuan hartuta, orain urte biko mailan ibili dela uste du abadiñarrak.

 

Amatasunetik bueltan lehiatutako lehen proba ofiziala Zarautzeko lasterketa (7 km) izan zen 2013ko abenduan. Ondoren, otsailean pausu berri bat eman eta Apuko Igoera (Zaramillo, Enkarterriak) mendi lasterketan parte hartu zuen. Hirugarren sailkatu eta podiumera igo zen.

 

Bi egunerik behin serio entrenatzen diharduela dio Azkorbebeitiak. Martxo amaieran Sarako mendi lasterketan aritzeko asmoa du. Apirilerako ez du lasterketa ofizialik aurreikusita eta maiatzaren 25ean egutegian gorriz markatuta duen Zegama-Aizkorri mendi lasterketan (42 km) parte hatuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!