Nagusien mailan, Rober Uriarte eta Ander Antxia abadiñarrek irabazi dute Bizkaiko Trinkete Txapelketa. Barikuan Tornosolo trinketean jokatutako final lehiatuan 40-34 nagusitu zitzaizkien Mikel Gonzalez berriztarrak eta Liher Gandiagak osatutako bikoteari.
Partidu erdira arte atzetik joan ziren abadiñarrak (19-25). Ondoren, Gandiagak eta Gonzalezek behera egin zuten apur bat eta abadiñarrek partidua berdindu eta aldea atera zuten. Uriarte gehiago sartu zen jokoan eta tanto eder batzuk egin zituen. Hala ere, aurkariek ez zuten etsi azken unera arte. Ordu eta hogei minutu iraun zuen finalak. Galdu arren, Gonzalezek maila handian jokatu zuten.
Finalak polemika apur bat ere izan zuen. Antxia eta Uriarte atzetik zihoazenean (22-26) euren pilota batek ezker hormako txapa jo zuen, garbi jo ere, baina epaileak ez zuen entzun eta azkenean tantoa irabazle izango zirenen alde erori zen. Tantoa egin eta sakea berreskuratuta, 27na berdindu zuten partidua.