Euskal Ligako Ohorezko Mailara igoera lortu du Abadiñoko taldeak

Anboto 2014ko mar. 5a, 11:59

Abadiño Xake Taldea osatzen duten xakelarien familia argazkia.
Euskal Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan igoera matematikoa lortu du Abadiño Xake Taldeak; Abadiñoko beste talde bi ere igotzeko aukerekin daude.

 

Euskal Ligako mailarik gorenean jokatuko du Abadiño Xake Taldeak datorren denboraldian. Joan zen asteburuan lortu zuen igoera, Lehen Mailako ligako azken aurreko jardunaldian. Alain Prieto, Ieray Galtzagorri eta Sarralde anaiek osatu dute aurtengo talde titularra.

Datorren denboraldikoa ez da Ohorezko Mailan jokatuko duten lehen aldia izango. Aurretik ere izan ziren, hiru urtez. Ondoren, xake taldearen beheraldia heldu zen. Lehenengo Mailara jaitsi ostean, han irauteko motibazioa falta izan zitzaien xakelari nagusiei: asteburuetako konpromisoak, sarritan urruti joan beharra… Horregatik, eurek hala erabakita, mailari uko egin zioten, eta Bizkaia mailara jaitsi ziren. Sarralde anaiak taldera batu zirenean, taldearen ilusioa apurka berpiztu egin zen, eta behetik gorako bideari ekin zion, birritan mailaz igo, eta berriro Ohorezko Mailara heldu arte. 

Oro har, Abadiñoko klub guztiak maila handian dabiltza aurten. Esaterako, Bigarren Mailan  Abadiño C igoera postuan dago, eta asteburuan Conteneo liderraren aurka lehiatuko da. Hirugarren mailatik hiru talde igoko dira, eta baliteke hirurak Durangaldekoak izatea: Abadiño D, Abadiño E eta Larrasoloeta B. Bizkaia mailako ligetan jardunaldi bi falta dira amaierarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!