Kontratuak beteko dituela dio Palmiro etxegileak

Anboto 2014ko ots. 21a, 14:21

Joan zen astean Abadiñoko alkateak komunikabideetan egin zuen eskariari erantzun, eta bezeroekin sinatutako kontratuak beteko dituela dio Palmiro enpresa etxegileak. Horrela eman du jakitera Abadiñoko Udalak, gaur.

 

Abadiñoko Udalak zabaldu duen oharraren arabera, Palmiro promotoreak esan du, "prest dagoela etxeko giltzak jaso aurretik etxeari uko egin dioten bezero guztiei 35.000 euroko bermearen %80 itzultzeko". Muntsaratzen egiten diharduen etxeetako bat erosi nahi duen guztiak sinatzen duen kontratuaren arabera, beraz, berme gisa jarritako diruaren %20 galduko luke bezeroak baldin erosteari uko egingo balio. Orain arte baina, enpresa eraikitzaile horrek ez die bezeroei zor zien dirua bueltatu nahi izan.

Udaleko gobernu taldeak gaur bidali duen oharraren arabera, kontratua bete eta bezeroei zor dien dirua ordainduko diela adierazi du Palmiro enpresak.

"Nasaitu ederra izango da kaltetu guztientzat", nabarmendu du Jose Luis Navarro alkateak. Hori lortzeko salaketa publikoa egin behar izana deitoratu du, bestalde, Navarrok, eta banketxe eta promotoreei eskatu die ez dezatela "jolastu jendearen diruarekin eta itxaropenekin".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!