Palmiro etxebizitza promotorearen jardun bidegabea salatu du Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak

Anboto 2014ko ots. 12a, 11:57

Muntsaratz auzoan etxebizitzak eraikitzen diharduen Palmiro promotoreak "modu irregularrean" diharduela salatzeko, komunikabideetara oharra bidali du Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak.

 

"Erosketan atzera egitea erabaki duten bezeroeei eman zuten diruaren %80 berehala bueltatu diezaiela eta sinaturiko kontratuak bete" ditzala eskatu dio Jose Luis Navarro alkateak, Palmiro enpresari.

Eraikitzen ari diren etxebizitza horietako bat eskuratzeko erosleek sinatu zuten kontratuaren arabera, atzera egin ezkero aurreratu zituzten 35.000 euroen %20 galduko zuten. Navarrok salatu duenez, enpresak ez du bere konpromisoa bete, eta "erosle barri bat eduki arte", ez die berezoei zor diena bueltatu gura.

Jose Luis Navarro alkateak ohar horretan azaldu duenez, kaltetuetako batek salaketa ipini du epaitegietan. Alkateak, enpresagaz hainbat aldiz gura izan duela kontaktuan ipini azaldu du, "herritarrei sortzen dabiltzan kalteaz jabetu daitezen. Baina berdin zaie". Navarro alkatearen berbetan, "lotsagarria da gazteek kreditua eskuratzeko dauzkaten zailtasunekin, gainera, enpresa batzuek probetxu atera gura izatea".

Gazteei etxebizitzaren lehenengo ordainketa egiteko kreditua eman bai, baina gero, hipoteka ukatzen duten zenbait banketxeren jarrera ere kritikatu du Abadiñoko alkateak. "Lotsabakoak dira horrela jokatzen duten banketxeak", esan du Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!