"Jendearen ustez, xake jokalaria azkarra da, eta poker jokalaria zoroa"

Anboto 2014ko otsailaren 19a

Alain Prieto durangarrak xakean eta pokerrean jokatzea du afizio. Abadiño Xake Taldean dabil Prieto. Asteburuan, Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren ondoren, lidergoa mantentzea lortu dute Alain Prietok eta taldekideek.

 

Noiztik daukazu xakean jokatzeko grina?

Hamahiru urterekin hasi nintzen. Etxean jokatzen nuenean, aitak ona nintzela esaten zidan, eta Abadiñoko xake taldean izena ematea erabaki genuen. Behin taldean egonda, pixkanaka-pixkanaka taktikak nola egin ikasten hasi nintzen. Eta ordutik hona hainbat sari lortu ditut. Esaterako, infantil mailan Euskadiko txapelduna izan nintzen, eta Barakaldoko eta Arrasateko txapelketetan gailentzea ere lortu nuen.

 

Xakeaz gainera, pokerrean ere bazabiltza.

Bai, bigarren horretan orain dela bost urte inguru hasi nintzen. Lokalean lagunekin praktikatzen genuen joku gisa. Hasiera batean bi euroko apustuak egiten genituen. Baina, apurka-
apurka, pokerraren mundua interesatzen hasi zitzaidan, eta jokoari buruzko liburuak irakurtzen hasi nintzen. Orduan konturatu nintzen guztia ez dela zortea, estrategiak eta probabilitateak ere zerikusi handia dutela ohartu nintzen. Joko guztietan bezala, pokerrean ere ikasi egin behar da. 

 

Alain PrietoJoko bien artean antzekotasunik badago?

Antzekotasun handiena tentsioa da. Gainera, kontzentrazioa ezinbestekoa da. Bietan joaten gara aukera onenaren bila: xakean jokaldi onena zein izango den pentsatu behar duzu, eta pokerrean fitxa gehiago nola irabazi. Beraz, antzekotasunen bat badute.

 

Beraz, xakeak lagundu dizu  pokerrean jokatzen?

Modu zuzenean ez, baina zeharka bai. Azken batean, estrategiak berdinak ez diren arren, gorago aipatutako tentsio horrek kontzentratuta egoten, eta pauso zuzenak ematen laguntzen dit. 

 

Taktikak antzekoak al dira?

Ez. Xakean pertsona bakarraren aurka jokatzen duzu, beraz, normalean bere taktikak kontrolatzea askoz ere errazagoa izaten da. Hala ere, taktika horiek partida bakoitzean ezberdinak izaten dira. Eta pokerrean, berriz, mahai bakoitzean bederatzi pertsona gaude, eta jokaldi bakoitzean bi hiru pertsona egoten gara. Beraz, pertsona guzti horiek egingo dituzten taktikak kontrolatzea oso zaila da. Gainera, pokerrean zorteak ehuneko handi bat hartzen du, eta xakean ez horren beste. Hortaz, gauza bat ondo egin duzula pentsatu arren, partidatik kanpo geratzea oso erraza da.

 

Mundu ezberdinak dira?

Guretzat, jokatzen dugunontzat, ez hainbeste, baina xakearen eta pokerraren mundua ezagutzen ez duenarentzat bai. Jendearen ustez, xakean jokatzen duena pertsona azkarra da, eta pokerrean jokatzen duena, berriz, zoro bat. Baina, azkenean, horiek jendearen aurreiritziak dira, eta fama hori garbitzeko ez dakit zer egin beharko dugun. Orain, kasino batzuek pertsona famatuak eramaten dituzte, jendearen aurreiritzi horiek ezabatzeko eta jendea erakartzeko.

 

Jokatzerako orduan, Internet bidez edo aurrez aurre nahiago duzu?

Xakean nahiago izaten dut aurrez aurre jokatu, Internet entrenatzeko erabiltzen dut. Xakean Internet bidez dirua jokatzea debekatuta dago; jokatuz gero, programa informatikoek harrapatzen zaituzte. Pokerrean, aldiz, dena da legezkoa, beraz, nahiago izaten dut Internet bidez jokatu. Gainera, pokerrean partida asko jokatu ahal dituzu aldi berean. Horrez gain, aurrez aurre jokatzea oso aspergarria izaten da. Aldea izugarria da.

 

Bukatzeko, bietako bat aukeratu beharko bazenu? 

Gauden garaietan bietako batekin geratzea zaila da, krisi honekin dirua beharrezko dugulako. Gainera, orain, xakea praktikatzeaz batera, eskolak ematen ere ibiltzen naiz. Pokerra, berriz, afiziotzat  daukat. Hala ere, nik ikasitakoan lan egitea nahiko nuke, administrari lanetan. Baina, gaur egun, gauzak oso zail daude. Beraz, afizio hauetaz baliatu beharko dugu aurrera egin ahal izateko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!