Iaz atarian geratu ondoren, aurten berriro igoera du helburu Abadiño Xake Taldeak

Anboto 2014ko urt. 17a, 12:00

Euskal Ligan lider dago lehen jardunaldiaren ostean; 13 urteko Alberto Garciak partida bat irabazi zuen; Elorrioko Zaldi Baltzak eta Durangoko Larrasoloetak mailari eustea dute helburu Maila Gorenean

Kluben arteko Euskal Herriko Txapelketa hasi dute Abadiño Xake Taldeak, Elorrioko Zaldi Baltzak eta Durangoko Larrasoloetak. Abadiñok igoera du helburu Euskal Ligan, eta Zaldi Baltza eta Larrasoloeta mailari eusten saiatuko dira Bizkaiko Maila Gorenean eta Lehen Mailan, hurrenez hurren.

Joan zen asteburuko lehen jardunaldian Abadiñok 3,5-0,5 menderatu zuen Zornotza. Irabazteaz gainera, puntu asko batu zituen. Abadiño harrobiko lan ona egiten dabilela ikusteko ere balio izan zuen lehen jardunaldiak. Talde titularreko xakelari Diego Sarralde gaixorik zegoenez, Hirugarren Erregionalean dabilen 13 urteko Alberto Garcia eraman zuten ordezko legez, eta bere partida irabazi egin zuen. Gaztea da, baina ate joka dator. Bestela, Abadiñoko laukote titularra honako xakelari hauek osatuko dute: Diego eta Rodrigo Sarralde anaiek, Alain Prietok eta Ieray Galtzagorrik.

Abadiñok, orain hiru urte, Euskal Ligari uko egin eta Maila Gorenera jaistea erabaki zuen. Motibazioa falta zitzaien hain liga indartsuari aurre egiteko. Indarberrituta, igoera lortu zuten orain urte bi, eta Sarralde anaiak taldera batu ondoren, iaz berriz izan ziren igotzekotan. Aurten Lehenengo Mailatik Ohorezko Mailara igo gura dute Euskal Ligan.

Zaldi Baltza mailari eustera

Zaldi Baltzak Abadiño B-ren aurkako norgehiagoko irabazita (2,5-1,5) hasi du denboraldia Maila Gorenean. Iñigo Axpe, Aitor Arabiotorre, Aitor Gallastegi eta Alberto Sardonek osatu zuten laukote titularra. Oinak lurrean dituzte, eta maila gogorra dela kontuan hartuta, bertan geratzeko adina meritu egitea itxaroten dute. Iaz Euskal Ligatik jaitsi zen Leioaren kontra jokatuko dute bihar, eta sorpresa ematen saiatuko dira. 

Larrasoloetako talde nagusia Lehenengo Mailan ari da (Zaldi Baltza A baino maila bat eta Abadiño A baino bi beherago) eta Getxon irabazi egin zuten estreinakoan (1,5-2,5). Hala ere, mailari eustea du helburu Jesus Unzueta, Sabino Arauzo, Iñaki Lombraña eta Felipe Iglesiasek osatutako laukoteak. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!