Illart Zuazubiskarrek (23 urte, Abadiño) Euskadi Fundazioa taldean jarraituko du. Urtebeterako kontratua sinatu du Miguel Madariagaren taldeagaz.
Mikel Bizkarraren antzera beste aukera batzuk aztertzen ibili da. Ecuadorren sortu duten talde bategaz hartuemanetan zegoen. Errepideko taldea osatuta zuten arren, pistako espezialista legez Zuazubiskar taldera batu zedin interesa zuten. Baina Euskadi Fundaziotik deitu ziotenean, “gurago izan dut etxean geratu”, azaldu du: “Argi nuen edo Odriozolak edo Madariagak aukera bat eskaintzen bazidaten onartuko nuela”, dio abadiñarrak.
Azken hileak gogorrak izan direla dio: “baietz ematen zuen, gero ezetz… albiste bata baino txarragoa zen hurrengoa. Azkenean taldeak aurrera irten du eta eskerrak”.