"Garaipena, kilometroak eta esperientzia pilatu... denboraldi positiboa izan da"

Anboto 2013ko aza. 5a, 08:29

Igor Urienek Europako F3 Txapelketako azken proba lehiatuko du asteburuan Kataluniako Montmello zirkuituan; txapelketari neurria hartzeko urtean, oraingoz, garaipen bat eta podium bi lortu ditu

Igor Urienek Europako F3 Txapelketako azken proba lehiatuko du asteburuan Kataluniako Montmello zirkuituan; zapatuan eta domekan lasterketa bana izango ditu. txapelketari neurria hartzeko urtean, oraingoz, garaipen bat eta podium bi lortu ditu.

 

Europako F3 Txapelketako estreinako denboraldia itxiko du Igor Urienek (18 urte, Abadiño) asteburuan Kataluniako Montemello zirkuituan. Emilio de Villota taldeagaz, apirilean ekin zion txapelketari Frantziako Paul Ricard zirkuituan eta harrezkero Portugal, Erresuma Batua, Belgika, Alemania eta Italiako zirkuituak bisitatu ditu, Dallara F308 formularen barruan. Mailari neurria hartzea zuen helburu bakar estreinako urtean, baina podium bi eta garaipen bat (Monzan) lortu ditu. Horiek horrela, azken lasterketaren atarian orain arte egindakoagaz “oso pozik” dagoela adierazi du: “Denboraldi positiboa izan da. Zirkuitu askotan eta baldintza ezberdinetan lehiatu naiz.Autoagaz kilometro asko pilatu ditut eta esperientzia hori oso baliagarria zait. Garaipen bat ere egon da tartean.Aurtengo helburua ikastea zen eta, beti geratzen da zer hobetua, baina nahiko ikasi dudala uste dut”.


Egunik gogoangarrienetako bat Monzan (Italia) lortutako garaipena (F308 kategorian) izan zen: “Aurreko lasterketetan arazo batzuk izan genituen eta horrelako garaipen bat lortzea oso pozgarria izan zen”.


Arriskua ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du. Belgikako Spa zirkuituan, aurretik zihoazen monoplaza batzuk istripua izan ostean atzetik zetozenek ezin izan zuten zirkuitu erdiko nahaspila ekidin, Urienek tartean. Dena dela, kanpotik zirudiena baino gehiago ematen zuela adierazi du: “Kolpea izan zen, baina barrutik lasai samar bizi izan nuen, ez zen hain aparatosoa ere”.


Kataluniako probaren ostean atsedena hartu eta datorren urtera begira hasteko unea etorriko da. Aurrekontua segurtatzen badu, printzipioz, hiru denboraldirako kontratua sinatu zuen iaz Emilio de Villota taldeagaz.


Maria de Villota gogoan


Denboraldiari egindako errepasoan Maria de Villotaren heriotza ere gogoratu du pilotu abadiñarrak: “Formuletan hasi nintzenean euren eskolan ibili nintzen eta Maria nire irakasleetako bat zen. Famili osoa lez, oso hurbilekoa eta jatorra zen. Gauzak ondo ez zihoazenean ere irribarrea mantentzen zuen eta nik uste denoi kutsatzen zigula bere bizipoza”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!