Abadiño Lagun taldea desagertu egin da; Euskadiko Federazioak ezarritako eskakizunei ezin izan diete aurre egin; Bigarren Erregionalean hasi eta Euskal Ligan amaitu dute zortzi urte iraun duen abentura. Sortu zutenetik talde ia berari eutsi izan diote. Lagunarteko talde bat izan dira. Baina areto-futbola serio hartu duen lagunarte bat, zortzi urtean hiru igoera lortu dituztelako. Behin taldea desagertuta, egindako bidea errepasatu dugu Aitor Calzadagaz (taldeko kapitain ohia) eta Jon Jimenezegaz (taldeko delegatua):
Zeintzuk dira Abadiñoko Lagun desagertu izanaren arrazoiak?
Aitor Calzada: Liga hasi baino egun bi lehenago desagertu zen. Hainbat arrazoi egon dira, baina nagusiak diru kontuak eta entrenatzaile falta izan dira. Gutxi gorabeherako finantziazioa batu ostean, entrenatzaile bila hasi ginen. Nazio mailako titulua izan behar zuen, Federazioak Euskal Ligako taldeei ezarritako eskakizunetako bat delako.
Jon Jimenez: Entrenatzaile askori deitu genien, baina askotariko arrazoiengatik ezin izan dugu bat lortu. Entrenatzaile barik jokatzearren isunak ipintzen dituzte, asterik astera pilatzen doazenak. Ondorioz, ez zen bideragarria.
Euskadiko federazioaren eskakizunak epe laburrera begira kaltegarriak direla uste duzue?
A.C.: Bai. Talde indartsu bat izanez gero, Federazioaren eskakizunak bete daitezke, baina gu lako talde berrientzako gaitza da. Bidean trabak eta trabak aurkitzen badituzu, azkenean, denei aurre egin ezinik zaude. Batzuek diote Federazioaren eskakizun horiek barik, lagunarteko talde soiletan geratuko litzatekeela areto-futbola.
Baztuek diote Federazioaren eskakizun horiek barik, hein handian, lagunarteko talde soiletara mugatuko litzatekeela areto futbola.
A.C.: Egia da azken aldian talde asko eratu direla, modan dago, baina teoria horri jarraituta, gaur egun eskualdean dauden talderik gehienak ez ziren existituko. Kuadrillak eta lagunak elkartu eta jokatzen hasita sortu izan dira talde asko.
J.J.: Talde guztien atzean dirua eta baliabideak lortzeko ahalegin handiak daude. Borondate hori ezin daiteke gutxietsi.
Taldea desagertzea kolpe handia izan da jokalarientzat?
A.C.: Taldeari eusteko egindako batzar batzuetatik baikor eta animoz beteta irteten ginen, eta egunak aurrera joan ahala kontuak ez zuela aurrera egiten ikusten genuen. Arazo bat konpondu orduko beste bat sortzen zitzaigun, eta denbora amaitzen zihoan.
J.J.: Liga hasi aurreko martitzen arratsaldean jakinarizi genion Federazioari ezetz, ez genuela liga hasiko. Pena izan zen.
Zer gertatu da jokalariekin?
A.C.: Batzuek areto-futbolean ez jarraitzea erabaki dute. Lau-bost beste talde batzuetara joan dira, batez ere, Sasikoara. Zortzi urte iraun du Abadiñoko Lagunen abenturak.
Zortzi urte iraun du Abadiñoko Lagunen abenturak. Zer azpimarratuko zenukete?
A.C.: Nik taldean genuen giroa azpimarratuko nuke. Partiduan denetarik esaten genion elkarri, baina behin partidua amaitua, beste kontu bat zen. Emaitza edozein izanda ere, lagunak ginen.
J.J.: Lortu dugun guztia nabarmenduko nuke. Ezer ez genekiela hasi ginen, eta hiru igoera lortu ditugu.
Igoerak zelan gogoratzen dituzue?
A.C.: Lehenengoa horrexegatik izan zen berezia: lehenengoa izan zelako. Azkenengo igoera ere berezia izan zen, asko kostatu zitzaigulako, eta maila oso onean ibili ginelako. Benetan sentitzen genuen lana gogotik eta serio egin genuelako igo ginela. Ez ginen lagunarteko kuadrilla bat bakarrik.
Partidu berezirik gogoan?
A.C.: Derbiak beti izaten ziren bereziak, jende ezagunaren kontra jokatzen genuelako. Bilbon, esaterako, ez genuen inor ezagutzen.
J.J.: Badago partidu bat gutako inork ahaztuko ez duena. Maila Gorenean, igoerarako borrokan, Saltzaileak arerio zuzenaren kontra etxetik kanpo jokatu genuen partidua. Galtzen gindoazen, eta azken unean markagailuari buelta eman genion Gorka Murgoitiobeñak ia geure areatik egindako jaurtiketa bategaz. Sinestezina izan zen.
A.C.: Berrizera gu animatzen etorri diren zaleak ere gogoan ditugu. Eskerrak eman gura dizkiegu, eta baita babesleei eta udaletxeari ere.
J.J.: Penatxo bat geratzen zait: Etxean, Traña-Matienako azpiegiturak ezin estreinatu izana.