Gernikako Lizeoko estreinaldiaren aurretik, Abadiñon eskainiko dute barikuan
Urriaren 19ko Gernikako Lizeo antzokiko estreinaldi nagusiaren aurretik, Guernica 1913 obra aurkezteko emanaldi berezia eskainiko du, Abadiñoko Banarte antzerki taldeak, 2007an taldea sortu zuten herriko Errota kultur etxean. Barikuan, 20:30ean hasiko dute emanaldia.
Benetako gertakarietan oinarrituriko obra da Guernica 1913: Gernikazarra historia taldeko Txato Etxanizek jasotako informazioan oinarriturik, eta haren aholkularitzagaz, Rafa Hercek idatzirikoa. Durangoko Geroa antzerki taldeko kide izandako Sardo Irisarri eibartarra da obraren zuzendaria, eta Jabier Obregon eszenografiaren arduraduna.
XX. mende hasieran Gernikan jazotako klase borrokari loturiko gertaera historikoa du antzezlanak oinarri: armagintzako Esperanza y Unceta enpresako (gero Astra bezala ezaguna egingo zena) langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egin zuten, eta “amaiera epikoa” izan zuen greba, hain zuzen.
Lantokia Eibartik Gernikara aldatu dietenean, Busturialdera lan egitera eta bizitzera doazen Fermin Larragoicoa eta Justina Garate bikotea, eta Arrate euren alaba dira protagonistak.
“Antagonikoak ziren bi mundu elkartu ziren”, sasoi hartan, Gernikan. Banarte antzerki taldeak antzezlanaren aurkezpen orrian dioenez, “bi klase sozialen elkartzetik sortu zen gizarte berria”: oso tradizio eta erligiozalea zen nekazal mundua, eta industri iraultzatik sortutako langile mugimendu libertarioa batu ziren 1913an, Gernikan.
Ehun urte geroagoko, gaur egungo, gizarteari buruzko gogoeta ere egiten du Banartek, Guernica 1913 honetan: egungo “balio eta borroka molde aldaketa, eta altxatzea horrenbeste kosta zena zelan jausten doan”, erakutsi gura dute. Antzerkiaren bitartez, Euskal Herriko historiako aldi horren garrantzia gizarteratuko du Banarte taldeak. Izan ere, Esperanza y Uncetako langileen borroka mugarri izan baitzen Gernikaren, eta Euskal Herriaren historian: lehenengo fabrikak eta lehenengo grebak ziren. Langilegoa estreinekoz hasi zen autoritatea zalantzan ipintzen, eta besteak beste, elizaren indarrari kontra egiten.