Abadiñon Futbol Eskola sortu dute harrobia lantzeko

Anboto 2013ko urr. 3a, 12:35

Bost eta bederatzi urte arteko 55 gaztetxok eman dute izena; kanpoan bilatzen ibili beharrean, kluberako jokalariak bertan heztea dute helburu

Bost eta bederatzi urte arteko 55 gaztetxok eman dute izena; kanpoan bilatzen ibili beharrean, kluberako jokalariak bertan heztea dute helburu.

 

\"\"

 

Abadiñoko kirol elkarteak Futbol Eskola sortu du. Orain arte, benjaminetatik aurrerako maila guztietan zituzten taldeak. Orain, eskola-kiroleko adina duten gaztetxoekin ere lan egiten dute. Horrela, harrobiaren aldeko apustua gehiago sendotu dute: “Ez dugu kanpora begira ibili gura jokalariak bilatzen. Klubean bertan umetatik eskaini gura diegu futbolean aritzeko aukera. Apurka, adinean aurrera doazen heinean, jokatzeko aukera klubean bertan eskaintzea da gure asmoa”, adierazi du Futbol Eskolako zuzendarietako bat den Eneko Erdoizak (harrobiko koordinatzaile orokorra ere bada). Erdoizak Adrian Irazolagaz batera darama Futbol Eskolaren ardura.

 

Eskola 2004 eta 2009 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzenduta dago aurten; hau da, bost eta bederatzi urte artekoekin lan egiten dute. Astolan, belar artifizialeko zelaian, astean birritan batzen dira: martitzenetan eta eguaztenetan, 17:00etatik 18:30era.

 

Herri askotako gaztetxoak

Futbol Eskola uztailean ipini zuten martxan, eta 2014ko ekainaren 15era arte iraungo du estreinako denboraldiak. Guztira 45 gaztetxo dabiltza gaur egun. Baina beste hamar eskolara noiz batuko zain daude. Hasieran izen-ematean mugatutako kopurua zabaldu egingo dute gazte horiei ere tokia egiteko, eta datozen asteetan batuko dira Futbol Eskolara. Erdoizaren esanetan, eskola ez dago Abadiñoko gazteei bakarrik mugatuta: “Bergara, Elorrio eta Durangoko gaztetxoak ere baditugu, besteak beste”.

 

Gazteenekin batez ere teknika (motrizitatea, mugimenduak…) eta horren inguruko kontzeptuak lantzen dituzte. Nagusiagoak direnekin jokamoldeko arlo espezifikoagoak entrenatzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!