Taiwango sokatira selekzioa Durangaldean egongo da urriaren 6ra arte; munduko txapelketan urrea irabazi gura dute, eta euren teknika hobetzeko Abadiño sokatira taldekoekin entrenatzen ari dira.
Taiwango selekzioko 10 kide, bederatzi tiralari eta Vincent Chen entrenatzailea, Durangaldean dira astelehenaz geroztik. Abadiñoko sokatira taldegaz aste bitan entrenatu ostean, urriaren 6an itzuliko dira euren herrialdera.
Txinak eta Taiwanek hartueman korapilatsua izan dute urte askoan. Chen entrenatzaileak dio eurak taiwandarrak sentitzen direla, eta ez txinatarrak. Tiralari denak taiwandarrak dira, eta ordezkatzen duten selekzioa ere herrialde hartakoa da.
“Sokatirako sekretuak ikastera etorri gara”, azaldu du Chenek. Oro har, maila oneko tiralariak dira, eta azkenengo munduko txapelketan, 560 kilora arteko mailan, urrea irabazteko zorian izan ziren, baina deskalifikatu egin zituzten: “Tristea izan zen, estipen handia hartu genuen”, gogoratu du. Tiralari gazteak dira (18 eta 23 urte artekoak) eta egindako hutsetatik ikasteko gogoa dute. Horretarako etorri dira Abadiñora: “1997ko mundukotxapelketan ikusi nituen lehenengoz, eta asko gustatu zitzaidan Abadiñoren lana. Munduko talderik onena delako etorri gara hona”.
Astelehenetik barikura egunero ari dira Abadiñokoekin entrenatzen, Zelaietako probalekuan. Batez ere, tiratzeko orduan erabiltzen den teknika hobetu gura dute: “Ez dakit zer, baina Abadiñok badu guk ez dugun zerbait. Tiratzeko estiloa, teknika eta gorputzaren kokapena; hori da ikasi eta hobetu gura duguna”. Goizetan gimnasiora joaten dira. 2014ko otsailean Irlandan izango den Munduko Sokatira Txapelketan dute burua. Orduan izango dute Abadiñon jaso (martitzeneko entrenamendua bideo kameragaz grabatu zuten) eta Taiwanen landutakoa munduari erakusteko aukera. Batez ere, 560 kilora arteko mailan zentratuta daude: “Pisu horretan gorenera heldu gura dugu”, onartu du Chenek.
Irabaziko balute, Taiwango selekzioak munduko txapelketa batean lortzen duen lehenengo urrea izango litzateke: “Dena dela, badakigu Abadiño tartean bada, ia ezinezkoa izango dena”, gehitu du irribarretxo batekin. Mundu mailan lortu gura duten maila dagoeneko badute Asian. Asiako txapelketan hiru bider irabazi dute urrezko domina, horietako azkena iaz.
Tradizio handia Taiwanen
Vincent Chenen arabera, Taiwanen sokatirak mendetako tradizoa omen du, baina 80ko hamarkadara arte ez da modu profesionalean landu: “Tradizio herrikoia du. Beharbadaba ehun edo berrehun lagun ibiltzen dira sokari tiraka. Orain ezagutzen dugun sokatira mota, aldiz, 1981etik honakoa da”.
Iaz Erandion izan ziren Goierri taldeagaz. Orduko eta oraingo esperientziak oinarri hartuta, euskal herritarren gainean galdetu diegu: “Pertsona oso jatorrak dira. Hori bai, beti zaudete zurrutean. Orain tragoa, entrenamendu ostean tragoa. Guk ere badugu edateko ohitura hori, baina askoz txikiagoa”.