"Nire estiloa garatu gura dut; lehen, besteen kantaerara egokitzen saiatzen nintzen"

Anboto 2013ko ira. 26a, 08:30

Madrilera joan-etorrian bizi da Idoia Bediaga ekainetik hona. La Voz telebista programan hartu dute, eta "agertokian esperientzia hartzera" doa.

Madrilera joan-etorrian bizi da Idoia Bediaga ekainetik hona. La Voz telebista programan hartu dute, eta "agertokian esperiantzia hartzera" doa.

 

Bide gogorra izan duzu La Voz saioan sartzea lortu arte?

Aurretik casting asko egin ditut, beti ibili naiz horrelakoetan parte hartu guran. Parte hartzea bera lorpena da niretzat: agertokian esperientzia handiagoa batzeko. Baina ez nuen espero honaino helduko nintzenik. Bost casting igaro ditut.

Zelako esperientzia da?

Oso esperientzia polita da, txikitatik gura izan dudana delako. Kamera aurrean egotea arraroa egiten da, baina ETBko Kantuan programan parte hartu nueneko esperientziak laguntzen dit horretan.

Nekagarria da?

Aurrera-atzera denbora asko ematen dugu programan, eta apur bat nekagarria ere bada, baina zer edo zer benetan gogoko duzunean aurrera egiteko modua topatzen duzu. Pertsona moduan hazi egin naiz, baita musikari eta ahotsari dagokionez ere.

Zelakoak izan dira casting-ak?

Lehenengoa bideo bat bidaltzean zetzan, eta hori igarota, Bilbon eta Madrilen pasatu nituen hurrengo probak.

Badakizu zenbat jende aurkeztu den lehiaketara?

Uste dut estatu osoko 15.000 lagun inguru aurkeztu direla.

Musikari profesionalek gidatuko zaituztela da programaren funtsetariko bat, ezta?

Bai, programaren oinarria da coach bakoitzak bere taldeko 16 abeslariak hezi, eta abeslari hobeak izateko prestatu behar dituela.

Rosario Flores abeslariak hautatu zaitu bere taldekide izateko. Zelan hartu duzu?

Ohorea da niretzat, oso pozgarria. Rosario Flores eta Antonio Orozcok ni hautatu izana harrigarri egin zait, ez nuen espero. Oso eskertuta nago Rosariok nigan konfiantza jarri duelako.

Rusian Red kantariaren Cigarretes kantuaren bertsioa eskaini zenuen lehenengo saioan.

Bai, izan ere, asko identifikatzen naiz abestiarekin, eta kantariarekin ere bai. Jendeak uste du abesti zaila dela, baina niri erraza egiten zait: oso gustura kantatzen dut. Abesti hori kantatzen oso eroso sentitzen naizelako aukeratu dut, eta nire estiloa delako. Kantuan programan egindakoagaz ez dauka zerikusirik honek. Nire estilo pertsonala garatzen nabil orain. Lehen, besteen kantaerara egokitzen saiatzen nintzen. Nire nortasuna garatzeko prozesuan nabil, eta emanaldi horretan garapen hori islatu gura izan dut.

Zu zarenagaz lotura handiagoa dauka, beraz, estilo horrek?

Bai, ehuneko ehunean, neu naizena islatzen du programa horrek. Neuk gura dudan Idoia naiz. Hain zuzen, ondo kantatzen duen jendea bakarrik ez, nortasuna daukan jendea bilatzen dute programa horretan.

Badaukazu norbait kantak aukeratzerakoan, edo bestelako erabakietan laguntzen dizuna?

Ama oso inportantea da nire bizitzan, eta musikari oso lotuta dago bera ere. Lagungarri egiten zait bere iritzia sarritan.

Jendeak zer komentario egin dizu zure parte hartzeaz?

Jendeak telebistan ikusi nauenez begiratu, edo geratu egiten naute kalean noala. Nirekin argazkiak atera ere egin gura izan du jendeak. Programaren jarraitzaile oso sutsuak daude. Euskal Herriko jende asko ez da joaten horrelako lehiaketetara, eta uste dut jendea harro dagoela nitaz.

Igartzen duzu, beraz, telebistak daukan oihartzuna?

Bai, itzela da. Sare sozialak ere gainezka eginda dabiltza.

Zure ahotsak zerbait berezia daukala esan dizute.

Bai, horrela esan didate, baina esango nuke, programan parte hartzen duten artista guztien ahotsak direla bereziak. Nire kasuan, nire erregistroa eta kantaera gustatu zaie.

Zelan lantzen duzu ahotsa?

Jendeak uste du kantari guztiek egiten dituztela ahots beroketak, baina nik ez ditut egiten. Batzuetan atentzioa ere eman didate beroketarik ez egiteagatik. Etorkizunean gustatuko litzaidake solfeo eta ahotsa lantzeko eskolak hartzea.

Hemendik aurrera zer eskaintzeko asmoa daukazu programan. Euskarazko kantaren bat entzungo dugu Tele 5 katean?

Nire estiloa mantenduko dut aurrerantzean, eta ez dakit irakasleek emandakoak edo geuk aukeratuak izango diren kantak. Baina edozelan ere, eta euskaraz kantatzea polita iruditzen zaidan arren, ez euskaraz ez gaztelaniaz, ingelesez kantatuko dut.

Sortzerakoan ere ingelesera jotzen duzu asko, ezta?

Bai. hizkuntza horretan ateratzen zaizkit kantak. Jendea harritu egiten da horrekin, baina entzun dudan musika ingelesa izateak asko eragin du nigan.

Zein da zure musika ibilbideari loturiko zure ametsa?

Telebistan agertzeko ametsa eduki dut txikitatik, baina orain, programan nagoela, pentsatzeko era ere aldatu egin zait apur bat. Txikitatik gura izan dudana lortu dut, baina edozein momentutan dena alda daitekeela ere konturatu naiz.

Zure sorkuntzetarako astirik badaukazu?

Denbora gutxiago daukat orain, baina telebistan agertu arren, nire bizitza orain artekoa bezalakoa da. Orain arteko gaiak lantzen ditut kantetan, eta estilo bereko kantak sortzen ditut etxean, nire gitarragaz.

Farewell taldeagaz jarraitzen duzu?

Geldiunean gaude, egia esan, baina taldea ez dut lagako telebistara joan naizelako.

Zure musikarako joeragaz lotzen duzu zure janzkera?

Bai, artista gisa, inportantea da itxura. 50eko hamarkadako estetika gustatzen zait, eta nire musikarekin bat datorrela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!